Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Jehovaren esklaboak

Mikel Zumeta.
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun

'Dasatskisi / Beginning'



Zuzendaria: Dea Kulumbegaxvili. Aktoreak: Ia Sukhitashvili, Rati Oneli, Kakha Kintsurashvili, Saba Gogichaishvil. Herrialdea: Frantzia-Georgia. Iraupena: 125 minutu.

Zeruan bezala lurrean ere. Eta lurrean bezala zeruan ere izango balitz?

Yana Jehovaren Lekukoen komunitate txiki baten artzainaren emaztea da Georgian. Senarra, emaztea eta semea dira etxean. Halako batean, meza hasi berritan, eraso bat sufritzen dute tenpluan. Hori da zuzendariak filmari hasiera emateko erabili duen abiapuntua. Abiapuntua, bai, bidaia luzea delako.

Yanak lo egin nahi du, ihes egin, komunitatetik, etxetik, familiatik, mundutik, ihes. Baina ez du modurik aurkitzen, betekizunek lotzen dute, ardurek; senarrak dioelako, jainkoak dioelako, komunitateak dioelako.

Film ezin bereziagoa eskaini digu zuzendari georgiarrak. Ameskeriaren mugetan jardungo gara Yanarekin batera. Argazki ezin finagoa duten planoetan geldirik, denborak estutuko bagintu bezala, ezin mugitu, ezin aurrera egin. Plano luze, estatiko eta zabalak landu ditu, eta etengabean mehatxua izango dugu alboan. Eta isiltasun sakonean entzungo ditugu gelditasuna eta euliak, ibaiaren bortizkeria urrunean, eta zaurgarritasuna plano orokor batean. Planoz kanpokoa ere oso garrantzitsua izango da, ez soilik ikusten duguna, ikusten ez dugunaren bortxa aztoragarria ere azalean iragaziko zaigulako.

Yanak jainkoaren hitza zabaldu nahi du, katekesia irakasten die umeei. Inuzente, alai eta ezjakin diren umeei. Filmak sinbolismo erlijiosoa agertuko du, bataioa, bibliaren pasarteak, ura, sua...

Eduki landu eta konposatua izango dugu pelikulan, eta poliedro konplexua erakutsiko zaigu. Protagonistaren barne gatazka, familiaren aldartea, senarraren bortxa sinbolikoa, sutea, eta polizia bat, edo ez da polizia? Ehiztaria da, hori ziur.

Bekatuak garbitzerik ba al dago? Norentzat diseinatu da paradisua?

Galdera asko sorrarazten dituen artefaktu filmikoa diseinatu du Kulumbegaxvilik, latza, astuna eta itogarria momentu batzuetan. Geldoa, ederra eta aztoragarria besteetan. Kontuz, ez moztu filmarekin, zorroztua dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.