Jacky Terrason 'Gouache' Melody Gardot
Lekua: Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: Uztailak 18.
Bizitokia Frantzian duen musikari sorta eder batek jazz doinuak ekarri zituen Mendizorrotza kiroldegira herenegun. Guztien buru Jacky Terrasson piano jotzailea, eta harekin batera Michel Portal baionarra— agertoki horretara aurten igoko den Euskal Herriko musikari bakarra—, eta Stephane Belmondo tronpeta jotzailea. Aurkezpen moduan, Terrassonek pianoan hainbat estandar kateatu zituen, pieza luze samar batean. Estandar horien artean, Harry Potterren filmako abesti bat eta Michael Jacksonen Beat it izan ziren jendeak ondoen ezagutu zituenak. Abesti ezagunekin jarraituz, Beatles taldearen Oh My Love balada egin zuen Cecile McLorinen laguntzarekin. Abeslari bikaina da hori, muturreko notetara erraz iristen dena. Kantu horren bertsioa guztiz hunkigarria izan zen. Sarrera polit horren ondoren, proposamenaren benetako tamaina jakin genuen. Portal eta Belmondoren laguntzarekin, talde horrek une bikainak eskaini zituen. Ia 80 urte izango dituen klarinete jotzaile argalak pasarte gogoangarriak eskaini zituen bakarka edota tronpetarekin batera, Gouache diskoari izena ematen dion piezan. Jazzaren historian askotan bertsionatutako Bésame mucho bolero lasaiaren ondoren, Try to Catch Me pieza bizia jotzeari ekin zioten. Erakustaldi bikaina, soinu enigmatikoak eta latinoak nahasten dituen tema horretan. Cecileren ahotsak dituen ñabardura guztiak Je te veux-Yesterdays abestietan ezagutu genituen handik gutxira, entzuleen gogokoa izan zen kontzertu bikain horretan.
Bigarren kontzertuko protagonista Melody Gardot abeslari estatubatuarra izan zen. Itxura hauskorra dauka emakume horrek, eguzkitarako betaurrekoekin eta ibiltzeko makila eskuan; agian, izan zuen istripuaren ondorioak dira. Egia esan, ez nuen gauza handirik espero kontzertu horretatik, argitaratu duen azken diskoan (The Absence) apartekorik aurkitu ez nuelako, baina estudioko lan bat eta zuzeneko emanaldi bat oso ezberdinak dira, eta aitortu behar dut oso emanaldi ona egin zuela. Hitz-jario handikoa da emakume hau, eta ingelesa eta gaztelania (portugaldar ukitu nabarmenarekin) nahastu zituen etengabe, ulertua izateko. Bizipoza igartzen zaio, eta horixe transmititu nahi du musikaren bitartez. Umoretsua agertu zen une askotan. Piezen garapena oso interesgarria izan zen, hasiera sinple samar batetik abiatuta, tresna gehiago sartuz, erritmoa biziagotuz eta adierazteko baliabideak berrituz. Progresio hori, bereziki, hasierako Goodbye-n eta Parisen gertatu zitzaion pasadizo batekin zerikusia duen Les Etoiles hauteman zen. Cesaria Evora gogorarazteko, Sodade abestu zuen. Iemanja kanta alaian erakutsi zuen bizitzaren alde egin duen hautua. Jendea animatu zuen kantatzera eta dantzatzera, eta, kostata, baina entzuleek ondo erantzun zioten erronkari.
Kritika. Gasteizko 37. Jazzaldia
Jazzaren alde alaiena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu