Potter / Mehldau / Patitucci / Blake eta Youn Sun Nah
Lekua: Donostiako Trinitate plaza. Eguna: Uztailak 25.
Maisuen kontzertu bikain batekin hasi dira Trinitate plazako kontzertuak Donostiako 59. Jazzaldian. Zale zorrotzenak gustura geratu dira lehen kontzertu horrekin. Chris Potter (Chicago, AEB, 1971) taldeburu gisa azaldu zaigu saxo tenorrarekin, era apal eta dotorean. Saxoaren nota altuekin jolastu da bereziki, grabeenak kasik jo gabe. Erritmo aldaketa zoragarriak, jostagarriak, etengabeak. Jotzeko era, ordea, lehertu gabe, musika bere mendean hartzen du Potter jaunak. Mami handiko doinuak neurriz eta era berritzailean jo ditu.
Ontzian bigarrena Brad Mehldau jauna (Jacksonville, AEB, 1970) izan dugu. Potterren asmoa burutzeko lagun bikaina. Nortasun handiko musikaria dugu Mehldau, eta kontzertuak aurrera egin ahala, irudimenez haziz joan da, eta azkeneko abestietan bere onena eman digu. Badira urte batzuk Kursaalean ikusi genuela, eta, orduko kontzertuarekin alderatuta, oraingoan zertxobait itzaliago sumatu dut. John Patituccik (New York, 1959) jolas izugarriak eskaini dizkigu kontrabaxuarekin, dena era apal eta dotore batean. Ibilbide handiko musikaria dugu. Azkenik, laguntzaile bikainena, azken urteetan bi aldiz bederen Trinitate plazan ikusi eta gozatu izan duguna, Johnathan Blake (Filadelfia, AEB,1976) bateria jotzaile zoragarria. Joan den urtean Julian Lage gitarra jotzailea laguntzen izan zen plaza honetan, eta, 2021ean Kenny Barron piano jotzaile sendoari laguntzen izan zen bertan. Blake jaunak dauzkan trebezia eta arintasuna ikaragarriak dira. Bat-batean bizkortzen du erritmoa zurrunbilo bat bezala, eta bat-batean galga eman; erritmoa gelditu egiten da, eta dena aurrera doa era sorgindu batean. Grazia handia du; jotzeko era miresgarria, nortasun sendoa. Ea noiz ikusten dugun bere egitasmo pertsonala bideratzen.
Youn Sun Nahk (Seul, 1969) ahots ederra eta oso landua du, eta teknika izugarri baten jabe da. Jostagarria, ezustekoak eskaintzen dizkigu, eta, halako batean, jazz sakon batetik operetara igarotzen da, bihurrikeriatan arituko balitz bezala. Ukitu korearra ematen die berak abesten dituen bertsio gehienei, asiar espezia bera erabiliko balu bezala abesti guztietan. Badirudi denak lurrin bera duela, baina ez da hala. Kolore eta zapore ugari ditu haren musikak. Itxuraz hala ez bada ere, oso zainduta dago dena, oreka inperfektu horren bila.
Hamaika urte igaro dira plazan bertan Youn Sun Nah anderea ikusi genuela, eta ordurako estilo garatua zuen, estilo oso pertsonal bat erakusten zuen. Aurrekoan ere erakutsi zuen era berezian abesten duela. Abestu baino gehiago, ahotsarekin jotzen ditu notak; laguntzen dion musikariak nota azkar eta motzak jotzen dituenean, berak ahotsarekin nota berberak errepikatzen ditu, banan-banan eta zehatz-mehatz. Birtuosismoa, zalantzarik gabe. Halakoetan indar eta sendotasun berezia lortzen du. Ikusgarria da benetan. Ez dudana ulertu da zergatik jo duten Albenizen Asturias hain era merkean. Asturias zoragarria Granada aldera eraman dute; lastima.
Youn andereak ez du galtzen nerabe bihurrien distira. Aita abesbatza bateko zuzendaria du, eta amak musikaletan abesten du. Gaztetan Parisera joan zen chanson française delakoa ikastera, eta hor ere maisu dela erakutsi digu; esate baterako, halako doinu frantsesa abestu duenean. Baina era guztietako abesti ezagunak hartzen ditu bere nortasun jostagarriarekin abesteko. Has daiteke My Favorite Things abestiarekin, Tom Waitsen bertsio bat egin gero, eta Killing Me Softly zoragarri eta hunkigarria jo. Tresna liluragarri bat ere badu. Eskuekin eragiten dio biradera bati, pianola kutxa magikoan inprimatutako kartoiak akordeak irakur ditzan, eta tramankulutxoak musika egiten du; akordeak jotzen ditu abesten laguntzen dion bitartean.
Beste behin ere bikain Youn Sun Nah anderea.