KRITIKA. Gasteizko 44. Jazzaldia

Jazza flamenkoaren eta New Yorken bidegurutzean

Pablo M. Caminero Trio taldea, Gasteizko Iradier Arenan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun

Pablo M. Caminero Trio eta Thumbscrew

Lekua: Iradier Arena, Gasteiz. Eguna: Uztailaren 15a.

Pablo Martin Caminero jazz-flamenko eszenako artistarik nabarmenetarikoa da gaur egun, eta kontrabaxuarekin duen trebeziak ez du dudarik uzten titulu horren inguruan. Moises Sanchez pianoan eta Paquito Gonzalez perkusioan izanda, hirukote honek bezperan baino entzule gehiago batu zituen Iradier Arenan. Berarentzat Gasteizko Jazzaldian jotzea amets bat izan da. Manolo Sanlucarren Tauromagia diskoko Nacencia-rekin ireki zuten, ondoren Moraito Chicoren Rocayisa tangoarekin lotuz, Sanlucar de Barrameda eta Jerez de la Fronteraren artean zubi bat eraikiz. Flamenkodun emanaldi horrek jarraitu egin zuen Vicente Amigoren Querido Metheny obrarekin. Ondoren, Sabicas nafarraren Arabia jo zuten. Dantza arabiar hori Caminero kontrabaxu jotzailearen birtuosismoaren aurkezpen ezin hobea izan zen. Rafael Riqueni maisuaren Al niño Miguel piezarekin jarraitu zuten. Konposaketa inspiratu zuen pertsonaiak hiru sokekin jotzen zuen kaleetan, eta horregatik dedikatu zion Riquenik Huelvako fandango hori. Riqueni utzi, eta Paco de Luciarengana egin zuten salto, Alcázar de Sevilla konposaketaren atal instrumentalera, hain zuzen ere. Bukatzeko, Juan Manuel Cañizaresen bi pieza jo zituzten: Aroma de libertad izeneko tanguillo bat eta Metrópolis. Bigarrenean, azpimarratu beharra dago Sanchezek eman zuen ikuskizuna, esku bat pianoan eta bestea organoan zituela. Horrekin arratsaldeko lehenengo atala itxi zuten. Emanaldia laburra iruditu zitzaidan, nahiz eta iraupen estandarra izan zuen, eta horrek beti esan nahi du kalitate onekoa izan zela. Entzuleak altxatu egin ziren txalo egiteaz batera. Jendetzak eskatuta, La Habana sin luz jo zuten, erritmo kubatarrekin ederki amaitzeko.

Bigarren atalean Thumbscrew taldeaz gozatzeko aukera izan genuen. Hirukote hau Tomas Fujiwarak (bateria), Michael Formanekek (baxua) eta Mary Halvorsonek (gitarra) osatzen dute. Gitarristak konposatutako Sequel to Sadness izan zen hasierako hautaketa. Bigarren pieza, Formaneken Cruel Heartless Bastards; interesgarria iruditu zitzaidan erritmo erratikoarengatik eta disonantziengatik. Gitarra elektrikoaren urratzeak grunge airea eman zion atmosferari. Oso garaikidea, inpresio onekoa adimen irekientzat. Hala ere, guztiek ez zuten gogoko izango, klasikoenek batez ere. Jazz tradizionalago batekin jarraitu zuten. Soinu urbanoak, Herbie Nicholsen House Party Starting bizian. Arritmiatik erritmo zehatz batera pasatu ziren hurrengo atalean, ia militarrera, Jimmy Rowlesen The Peacocks-ekin. Hurrengoan, Anthony Braxtonen Composition no. 61-en, kontrabaxuaren kadentzia kromatikoak gitarraren soinu futuristekin nahastu ziren, Halvorsonek sokak igurzten baitzituen slide teknikarekin. Bateriaren soloak soinu mistikoak eman zituen. Taldeko beste bi kideak batu ziren melodiara, eta giro oso ona sortu zuten, Gasteizen iluntzen hasi zen bitartean. Sentiberatasun harmoniko handia transmititu zuten, sokei ttok-ttok moduan eraginez. Gitarra solo batekin hasi zen Halvorson, Swarling Joys konposaketa propioan. Bukatzeko bebop pixka bat egin zuten (Julio de Caroren Buen amigo, Fujiwara bateria jotzailearen One Day eta Formaneken Worlds that Rhyme with Spangle). Nahiz eta kexarik gabeko teknika garbia duten, Thumbscrew hirukoteak hotz utzi gintuen Iradier Arenan, aurreko taldearekin konparatuta, nire iritziz. Hala ere, azkenean, aretoa aurreko egunean baino beteago zegoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.