KRITIKA. Donostiako 50. Jazzaldia

Jazza eta popa uztartuz

Jamie Cullum, atzo Kursaalean emandako kontzertuan. JAGOBA MAN TEROLA / APR.
2015eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Jamie Cullum

Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Uztailak 23.

Jazza maite dutenak poparekin adiskidetu zituen atzo Jamie Cullumek, baita popa maite dutenak jazzarekin ere. Jakina da musikari horrek aspaldian asmatu zuela bi estiloak puntadarik utzi gabe josteko formula. Formatu berritua estreinako aldiz taularatu zigun Kursaal auditoriumean, atzo. Bakarrik sartu zen agertokira, eta mila ikusle baino gehiago eraman zituen berarekin bueltan etxera, haren gaitasun anitzekin maiteminduta.

Pianoan eserita jo zuen I've got you under my skin estandar ezaguna; liluratuta utzi gintuen, eta txalo zartada amaigabeak hala adierazi zuen. Bluesa, popa, swinga zein beste musika estilo askoz beteriko zertzeladak erantsi zizkion errepertorioari, eta emanaldiaren lehenbiziko zatia, pianoan oinarritutakoa, maisulana izan zen. Gitarra ere hartu zuen, hari afinazioa aldatu, txiste bat edo beste egin, eta Londresko zeruari eskainitako kantua bota zigun, Donostikoa bezalaxe izaki, gorrotatu edo maitatu behar ote duzun ez dakizun sabaia. Ikus-entzuleak bi ahotsetara abesten jarri gintuen harexekin.

Louis Armstrong aipatu ez bazuen ere, haren ahotsean ezagututako abesti zahar bat eskaini zigun ondoren:Do You know What it Means to Miss New Orleans. Musika beltza sustraietako bat duela bistakoa izan zen kontzertu osoan zehar. Entzuleen artean pianoa jotzen zuenik ba ote zen galdetu, eta han atera dira bi neskatxa, zein baino zein lotsatiago. Konturatzerako, bluesa zena rock-and-roll bihurtu zuten hiruren artean.

Ia bi orduz ikusi ahal izan genuen gero harmonika, gitarra, baxua eta, besteak beste, melodika joz, sanplerrak erabiliz, oinarekin perkusioak jaurtitzen, hip-hop eta funk erritmoak eskuekin pianoa astinduz sortzen, eta bluesik zaharrenak oihu batean zein marmarrean kantatzen. Cullum txikiak, ahots teknika paregabea eta musiketan, edozeinetan, gaitasun aparta duenak, hitzik gabe utzi gintuen atzo, beldurra eta miresmena sortzen duten musika-piztia handiek bezalaxe; handia baita, hau ere, bere txikitasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.