Donostiako 59. Jazzaldia

Jazz eta jazz gehiago!

William Parker musikaria, alboka jotzen, Donostiako 59. Jazzaldian. JON URBE / FOKU
William Parker musikaria, alboka jotzen, Donostiako 59. Jazzaldian. JON URBE / FOKU
2024ko uztailaren 30a
05:00
Entzun

Dave Holland eta John Scofield / WILLIAm parker quartet

Lekua: Trinitate plaza. Eguna: Uztailaren 27a.

Gutxitan ikusiko dugu bikote bat Jazzaldian. Proposamena, berez, ausarta da. Bi musikari oholtza gainean, beste inongo laguntzarik gabe, bi tresnarena baino ez: kontrabaxua eta gitarra elektrikoa. Egia da eskarmentu handiko musikariak direla, eta formula guztiak ezagunak dituztela. Adibidez, Holland beste urte batzuetan ikusi izan dugu laukotean, boskotean, eta baita Big Band bat zuzentzen ere. Bada, bikote ikaragarria osatzen dute kontrabaxuan Dave Hollandek (Wolverhampton, Ingalaterra, 1946) eta gitarra elektrikoan John Scofieldek (Dayton, Ohio, AEB, 1951).

Musikaren gorenera eraman gaituzte hasiera-hasieratik. Sotiltasun gozo batekin eraman gaituzte bidaia honetan. Proposamen intimo batean joan gara hemendik hara, eta handik hona. Estresaren aurkako txerto musikala eskaini digute: ez gara lokartu; aitzitik, une bakoitza dastatu dugu erne, adi, eta lasai. Aditu, besterik ez dugu egin behar. Sakontasuna arnastu dugu: artifiziorik gabeko musika jokoak ikusi ditugu, era zintzo batean musikatu dizkigute euren mundua eta euren jakinduria.

Apala da sortzen duten musika, baina ideiaz betea. Hollanden kontrabaxuak avant-garde garaiko lurrinak dakarzkigu, jazz-rocketik galbahetutako erritmoak. Holland da aurreko mendean oin bat Europan eta bestea Ameriketan izan duten musikari urri horietako bat. Bideak zabaldu eta elkartu dituen horietako bat. Miles Davisekin jo izan du, baita Stan Getz eta Chic Corearekin ere, eta Pepe Habichuelarekin ere ikusi dugu. Scofieldek rock eta blues munduan eman zituen hastapeneko pausoak, eta egun, edozein jazz egitura konplexuena ere menperatzen du, zailena erraza eta atsegina bihurtuz.

Bi maisuek sosegua eta hausnarketarako bidea eman dizkigute euren musikarekin. Plazer bat.

William Parkerrek, berriz, alboka jotzen hasi du kontzertua; ez du Arratiako erara joko, arnasa jarraituarekin, baina keinu horrekin, aurreiritziak hautsi dizkigu New Yorkeko musikari bikainak. Aurten Donostiako Jazzaldiaren saria jaso du 72 urteko musikariak. Musikak jasaten duen merkatuen presioaren aurkako mezuak igorri ditu Parker handiak.

Free jazzaren kontzertu batera joan gara, era suposatzen da era ero batean joko dutela, bakoitzak nahi duena eginez, eta... hara ezustekoa! Partiturak antolatzen igaro dituzte lehen hiru minutuak; askatasunak antolaketa eskatzen du nonbait. Parkerrek batzuetan arkuarekin jotzen du kontrabaxua, besteetan hatzak labaintzen ditu behin eta berriz, baxua goitik behera laztanduz. Ederra, lasaia, sortzailea. Atzealdean eserita dago, eta hitz gutxirekin agintzen du taldea; aise, nahi duen lekura eramatea lortzen du; ondo baino hobeto ezagutzen ditu bere musikariak, eta jotzen dituzten doinuen neurriak eta desneurriak, guztiak bideratzen ditu emaitza jakin batera.

Eri Yamamoto piano jotzaileak (Osaka, Japonia, 1970) lagundu du Parker. Zehatz eta kementsu jotzen du Yamamotok, pianoaren barrenean sartzen da, edo akordeak kolpatzen ditu; free jazz kontzertu honi halako trinkotasun bat eman dio, eta solo ederrak nahiz arpegio joko amaigabeak eskaini dizkigu. Rob Brown, berriz, saxoarekin bikain, solo ederrak, distira handiko melodiak. Eta Ikuo Takeutsi ere bikain bateriarekin, behar zenean talde lana egiten doinuei oinarria emanez.

Zer gehiago eskatu daiteke? Gozatu nahi genuenok gozatu dugu gaur ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.