YILIAN CAÑIZARES TRIO eta Chucho valdes-irakere 50
Lekua: Gasteizko Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: Uztailak 20.
Musikari gutxi, baina erraldoien kontzertua: Yilian Cañizaresen ahots eta biolinaz gain, Ernestico Rodriguez Guzmanen perkusioak eta Childo Tomasen baxuak oholtza bete zuten.
Resilience izeneko diskoko piezak eskaini zizkigun Cañizaresek bere beste konposizio propioez gain. Kalitatea eta gozamena nonahi agertu ziren hark oparitu zigun emanaldian: gorentasun musikala, bokala, moldaketena eta zuzeneko boterearen ikusgarritasuna. Motzegia iruditzen zaizkigun kontzertu horietako bat da hau, seinale positiboa zalantzarik gabe, eta jaialdi osoko erakustaldirik oparoena ere bai, bikaintasuna alderdi guztietan bermatuta.
Gaueko unerik ederrenetarikoa bere abesti berri baten emankizuna izan zen, Plumas en el Viento. Zuzenean antzezteko sortuak diruditen abesti horietako bat da, tentsio eta goxotasun propioz betetzen duena eszenatokia. Bertan bere sorkuntza prozesuan zehar landutako ideiak eman zizkigun, eta baita abestu ere. Errealismo magikoa apaltasun eta edertasunez berreskuratuta, maitasun harreman askotarikoen sentimendu unibertsalera hurbiltzen da, atmosfera onirikoa eta une sublimeak eskainiz.
Bestalde, kubatar jaia izan zen larunbatekoa Mendizorrotzan: Chucho Valdes eta lagunek giroa eta entzuleen barrunbeak epeldu zituzten. 82 urteko musikari ospetsuak, pianoan eserita, bizkortasuna isurtzen du, familia eta lagunez osatutako banda handiarekin.
Irakere bandaren bost hamarkada ospatzeko, Irakere 50ekin itzuli da Valdes.Taldea Chucho Valdes beraren seme batek eta Kubako musikari lagun ugarik osatuta dago egun. XX. mendeko musika talde kubatar garrantzitsuena izan da askorentzat Irakere, eta ez da baieztapen arina. Bere sustraien eta eraginen lekukotza eskaini zuten Gasteizen. Jatorri afro-kubatar sakonak oinarritzat hartuz, jazza, rocka eta Kubako musika latino tradizionala uztartzen ditu. 1960ko hamarkadako inpresionismo ukitu bat eta formakuntza klasikoaren aztarnak erakusten ditu taldeak, eta horren adibide da Gasteizen eskaini zuen Mozart Cubano fusio pieza dibertigarria.
Valdesen pianoaz gain, bere seme Julian Valdesen (perkusioa) eta beste musikari ugariren artean (saxofoiak, tronpetak, baxua, kontrabaxua eta bateria) Ramon Alvarezen ahotsa nabarmendu zen. Mendizorrotza zutitu zuen emanaldiko pieza bokalei ahotsa ipiniz, agurra barne. Entzule guztien buruan geratu ziren soinuak, urte luzerako beharbada.