Nerabe-bikoteen barruko jazarpen matxista gai hartuta osatutako narrazioa da, «eleberri labur» deitzen den generoan sartzen diren horietakoa.
Istorioa kronika gisa kontatuta dago, narratzailea lekuko paperean kokatzen delarik. Jazarria bere lagun mina da, eta irakurleari arnasa pixka bat ematen dio horrek, narratzailearekin batera distantzia apur batez jarrai ditzakeelako gertakariak. Alde horretatik, azpimarratu behar da testua ez dela gordinkerietan erortzen, eta saiatzen dela sentsazionalistatzat har litezkeen pasarteak ez agertzen.
Halako jazoeren ereduzko adibidetzat har daiteke, pausoz pauso, bikoteak igarotzen dituen fase guztiak deskribatzen direlako.
Kontakizunak badu errealismo magikoaren ukitu bat. Protagonistak bere izebaren bidez koaderno berezi bat jasotzen du, jazoera guztien iragarle dena. Inork ez jakin nola, koadernoan etorkizuneko irudiak agertzen dira, argi adierazten dutenak lagun taldea osatzen duten nesken geroa. Egia esan, obraren parterik ahulena da hau, kontakizunarekin nekez josten den fenomenoa baita.
Liburu honek Gazte Narratibako XVIII. Alandar saria irabazi zuen.
HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Ez naiz isilduko!'
Jazarpen matxista
Idazle: Manuel J. Rodriguez. Itzultzaile: Aitor Arana. Argitaratzaile: Ibaizabal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu