KRITIKA. Artea

Jatorrizko piezatik interpretaziora

Xabier Salaberria artista, Altzuzan, Oteiza museoan ikusgai dagoen Frisoa erakusketan. IÑIGO URIZ / FOKU.
2023ko urriaren 31
00:00
Entzun

Xabier Salaberria. 'Frisoa'

Non: Oteiza museoa, Altzuza.Noiz arte: Azaroaren 19ra arte.

Esan genezake gauzak ez direla ezerezetik sortzen, aurrekariek eta inguruek rol erabakigarriak jorratzen baitituzte. Sorkuntza artistikoan inork ez duela ezer asmatu ondorioztatzen badugu, agerian geratuko zaigu prozesu, ikerketa edota aurrekarien bateratzearen emaitza dela. Haritik tira egin eta artelana hausnarketa baten itzulpen estetikoa dela pentsatzean, atzean dagoen hori zer den ikusarazteko bulkada sentitzera irits gaitezke. Kasu batzuetan, artelanak berak beste artelan batzuen ondorioz bideratzen diren hausnarketa estetikoen abiapuntuak ere badira, bilaketaren bitartez hausnarketak eta irudiak eraldatzen dituztenak, hain zuzen.

Prozesu horren erpinean kokatzen gaitu Xabier Salaberriaren Frisoa izeneko erakusketak; Altzuzako (Nafarroa) Oteiza museoak biltzen duena. Izan ere, bertan, Oteizaren Aita Donostiari omenaldia (1959) pieza abiapuntu izanik, bilaketa eta eraldaketa prozesu bat abiatzen baitu. Oteizaren eta bere egiteko moduen arteko sinbiosi bat proposatzen du Salaberriak, eta, horretarako, Donostiako Sabadell bankuan dagoen Oteizaren lanaren hastapenetara jotzen du erakusketak.

Salaberriak ehundutako zazpi piezak osatzen duteerakusketa. Horietan, euskarriak eta materialak askotarikoak dira: eskultura, argazkiak, instalazioa eta Salaberriak eraikitako frisoa, hain zuzen ere, Oteizak egindakoaren tamaina berekoa dena.

Hala, erakusketa espazioan hiru gune sortzen dira, eta, moduren batean, Oteizaren eta Salaberriaren obren arteko zubi lana egiten dute; betiere, Oteizaren hastapenetako lanaren inguruko gerturatze ia arkeologikoa garatuz. Lehenik, Oteizak 1956an Aita Donostia konpositorearen omenez eraikitako monumentuaren arrastoak arnasten dira. Arrastook ez digute aukerarik ematen Agiñako mendatean (Lesaka, Nafarroa) eraikitako espazioa osotasunean ikusteko. Alabaina, Salaberriak egindako argazkiek detaileak, testurak eta ingurua aztertzeko pautak zehazten dizkigute.

Agiñako monumentua historiaurreko aztarnen artean eraiki zuten, garai hartako kutsu solemnea mantentzeko aukera ematen baitzuen espazioak; nolabait, antzinako eta oraingo memoriak bateratzen zituen. Hala, kapera bat eta monolito bat eraiki zituzten Jose Gonzalo Zulaika Arregi Aita Donostiaren omenez.

Bigarrenik, Oteiza beraren berrinterpretazioaren berrinterpretazioa aurkezten digu artistak. Izan ere, Agiñako monumentuaren aztarnak atzean utzi, eta aurrera egiten dugun momentuan, frisoaren bestelako itzulpen batek egiten baitigu harrera. Forma geometrikoek Salaberriaren inspirazioa igortzen dute, baina, era berean, aurrekaria deseraikitzen dute, eta haren prozesuan kokatzen gaituzte.

Esaterako, Oteizak garatutako frisoa Agiñako monumentuaren marmol berarekin egituratu zen; baina, kasu honetan, ikuspuntua panoramikoa da, eta eraikinean integratzen da, haren parte bihurtuta. Kontrara, Salaberriaren frisoa ez da eraikinean integratzen, bestelako gorpuzkera bat sortzen du, eta lanabesak eusteko espazio bat simulatzen du. Halaber, kontraste horri eutsirik, Salaberriaren interpretazio berri horretan aluminioa, altzairua eta zura dira nagusi.

Bada, begiradaren bitartez espazioa aztertzen dugun heinean, tailer baten estetikarekin lot genitzakeen piezak agertzen dira. Eta Salaberriak egin berri duen ikuskerarekiko lotura bideratzen du horrek.

Orduan, deseraikitzea biderkatu egiten da, eta azkenengo espazioan prozesuaren prozesura eramaten gaitu erakusketak. Oraingoan, guztiz ilunduta dagoen espazio batean, ikus-entzunezko batek harrapatzen gaitu. Burdinazko pieza bat moldatzen ari da bertan, eta, forma hartzen duen bitartean, irudiaren plastikotasunak hartzen gaitu nolabait. Oteizak lehenengo frisoa egin zuenetik Salaberriak piezaren interpretazioa garatu zuen arte, egiteko moduak eraldatu egin direla erakusten du ikus-entzunezkoak ere. Eta piezak eta artelanak testuinguruaren ondorio badirela ondoriozta dezakegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.