'CARAMEL'
Bezeroa gaueko lokalean sartu eta «jarri beste bat» esanez hasi da guztia. Ez da edozein taberna, hala ere: mahai beltzez eta aulki gorriez hornitua da, eta ezker aldeko bazter gorrian piano baten presentzia nagusitzen da. Printzipioz, dantza emanaldia zirudien Kataluniako Caramel (Gozoki) honek, baina esku-programa ondo ikusita jakin dugu diziplinartekoa zela, eta zinez bete ditu etiketaren ezaugarriak.
Hasiera batean gau-lokalera sartu diren antzezle-dantzariek beren auzi existentzialak adierazi dizkigute mahaien bueltan eta beren eboluzio asaldatuetan aulkiekin jolasten. Lehendabiziko une horietan ezinbestean gogoratu gara Pina Bauschen dantza-antzerkiarekin, baina emanaldiak eutsi egin dio aurretiaz iragarritakoari. Drogaren kontuetan zentratu da emanaldia, oso era asertiboan zentratu ere, inolako ikasgai morali men egin gabe eta gauzak diren moduan aurkeztuta, dantza, berbaldiak, piano-musika eta abestiak tartekatuz, interprete guztien inplikazioarekin eta elementu guztien arteko koherentzia betean. Horren guztiaren bidez jaso ditugu drogak eragindako eldarnio kolektiboaren berri eta errealitatearen pertzepzio eraldatua.
Hitzezko pasarteen artean, nabarmen agertu dira mendekotasunak zuritzeko askotan errepikatzen diren esaldiak, eta haien artean honek eman dit atentzioa: «Bizitzeak hiltzeko gogoa ematen du». Pentsamendu gogorrak dira, eta guztiok esan ditugu horrelakoak askotan. Gero etorri da biharamuna, eta harekin batera protagonista baten gogoetak eta biziraupen-nahia: ur asko edan, dutxa hartu, lan-konpromisoak bete beharra, bere buruari promes egin azken aldia izan dela...
Pianoan izandako solo ezin ederrago batekin dantzarien irudi onirikoak etorri dira berriro, eta gaueko giro horren barruan Pablo Messiezen diskurtso antimatxista etorri da Ariadna Payaren antzezpen bikainean, maitasunaren, pasioaren eta sufrimenduaren kontzeptua gupidarik gabe aletuz eta desmuntatuz, eta adibidetzat jarriz nola tratu txarren emaileak txaloak eta guzti jasotzen dituela bere macho deseraikiaren deklarazioak egiten dituen bitartean.
Pasarte dantzatuen eta piano-saioen artean Joan Solek bere ahots sakonarekin abestu dituen kanta intimistek gogora ekarri didate Luis Eduardo Aute maitatuaren poesia musikatua, eta badakit esandako hori sakrilegio hutsa irudituko zaiola baten bati, baina ukaezina da Clara Peyak pianoan eman digun erakustaldia Keith Jarrett handiaren mailakoa edo are altuagoa izan dela. Izan ere, kontzertu eszenifikatu batean egon izanaren sentsazioa utzi digu, eta aitortu behar dut askotan berari begira nengoela, dantzarien eboluzioei hainbesteko kasurik egin gabe.