'La memoria infinita'
Zuzendaria: Maite Alberdi. Herrialdea: Txile.Iraupena: 84 minutu.
Gaizki oroitzen ez badut, lehen aldiz ikusi ditut Zinemaldiko film bat amaitu eta pantailan kredituak azaltzen direnean aretoko ikusle guztiak eserlekuan geldi; pertsona bat bera ere ez da altxatu. Txaloak ere ez dira geroago arte iritsi. Isilik geunden. Hunkituta. Botatako malko guztiak lehortzeko mukizapia ateratzeak ere erreparoa ematen zuen. Kredituak amaitzear zeudela eta pantailan Augusto Góngora 1952-2023 azaltzean hasi da txalo zaparrada.
Augusto Gongora eta Paulina Urrutiaren maitasun istorioa dokumentatu du Maite Alberdi zinemagile txiletarrak. Gongora kazetaria izan zen, baita telebistako aurkezlea ere. Pinocheten diktaduran ahotsik ez zutenen lekukotzak jaso zituen Teleanálisis saiorako. Ondoren, 1989an, Chile: la memoria prohibida liburuan parte hartu zuen. Diktaduran gertatutakoa bildu zuen liburuak. Urrutia, Gongora baino 17 urte gazteagoa, aktorea da, eta Michelle Bachelet Txileko presidente ohiaren lehen agintaldian Kultura eta Arteetako ministro izan zen.
Gongorari alzheimerra diagnostikatu zioten 2014an, eta bi urteren ostean bere lana utzi, eta, 20 urteko harremanaren ondoren, Urrutiarekin ezkondu zen. Alberdik 2018an proposatu zien haien istorioa pantailara eramatea, eta urteak eman zituen bikotearekin lanean. Konfinamenduan zehar, grabaketaren erronkari heldu zion Urrutiak, eta prozesu horrek bikotearen eta gaixotasunaren unerik intimo eta gordinenak ekarri zituen.
Gaixotasun bati aurre egin behar dion bikote baten maitasun istorioa kontatzen du La memoria infinita filmak. Maitasun istorio bat dela azpimarratu nahi dut; izan ere, alzheimerra hor dago, egunetik egunera presenteago bikotearen bizitzan, eta herrialde oso baten memoria zabaltzen lan egin duen norbaitentzat ez da erraza aurrean duen pertsonaren oroitzapenak galtzea. Baina Alberdiren filmak Paulina eta Augustoren bidaia kontatzen du, gaixotasunaren ondorioei egokitzen joateko egin zuten bidaia; eta une gogor askoren artean elkarrekin dantzatzen jarraitzen dute, elkar ukitzen, elkarri liburuak irakurtzen. Eta, batez ere, malkoen artetik irribarre egiten.
Donostiako 71. Zinemaldia. Kritika. Perlak
Jarrai dezagun dantza egiten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu