Yaron Herman / Kenny Barron eta Dave Holland / Jamie Cullum
Tokia: Principal antzokia / Mendizorrotzako kiroldegia.Eguna: Uztailak 15.
Ostiralean Mendizorrotzan taularatu zitzaigun Jamie Cullum ez da 2003an argitaratu zuen Twenty somethinghogeitapiko urteko gazte hori, agertoki musikala astindu zuen hura. Egun, 37 urte bete ditu, zazpi disko argitaratu ditu dagoeneko, eta Europako jaialdi guztietan aritu da ikusleen zoramenerako. Hala ere, ez du ahantzi Euskal Herrian (eta Espainiako Estatuan) jo zuen lehen aldian Gasteizko Jazzaldian izan zela,2011n. Bere emanaldian hori eta gure jazzaldia jende ez hain ezaguna ekartzen saiatzeko egiten dituen ahaleginak azpimarratu zituen.
Jamie Cullum ez da bere musikarengatik goraipatuko genukeen artista. Ez da konpositore ona, piano jotzaile apala da zapaltzen dituen lekuetarako. Gainera, ez zaio nabaritzen eboluzio musikal nabarmenik. Bere horretan datza, betiko ikuskizuna ematen.
Hala ere, ikusleak erakartzeko zer edo zer berezia daukanik ezin zaio ukatu. Bere salto, dantza eta instrumentu anitzen jotzeen artean ikusleen gozamena eragiten badaki, musika zuzena eta zintzo bat jorratzen duen bitartean. Horretan jazza, pop, eta edozein estilo nahasten ditu. Berdin zaio The Weekend-en Can´t feel my face sartu, Snoop Dog-en Drop it like its hot abestu, edo Coldplay-ren ahaireak ekarri. Dena ona ikuskizunaren mesederako.
Bere ekitaldian, taulan hasi ondoren, saiakera egin zuen ikusleen artean abesteko, baina ez bide zen oso eroso sentitu, inguruan zituen segurtasun langile eta argazkilarien presioarengatik-edo. Orduan, beste bide bat asmatu zuen: ikusleak taularen ertzera joanaraztea, antolatzaileen beldurrerako. Bi orduko kontzertu luze eta bizian, ikusleez inguratuta, Jamie Cullumek eta bere taldekideek jaialdi batean atsegina dena eskaini zuten: ikuskizuna. Eta berdin zait jazza den edo ez.
What a difference a day makes ederra, The same things, Don´t stop the music eta hainbat abesti jo zituen. Saioa borobiltzeko, bera piano aurrean bakarrik But for now eta, nola ez, berak idatzitako Gran Torino ederra baino ederragoa jo zuen gogoz. Abesti hau asmatu duen sortzaileak nire errespetua merezi du bere bizitza osoan zehar.
Amaitzeko, Jamie Cullumek ekitaldian esan zuen bezala: zergatik ez profitatu momentu hauek musikarekin gozatzeko, horrenbeste arazo itsusi pairatu behar ditugun bizitza honetan? Ados nago berarekin. Horrez gainera, bera bezalako artistek jazzaldietara erakartzen dituzten ikusleei esker benetako jazza jotzen duten artistak entzun ditzakegu, ezta?
Amaitzeko, bera izan da aurten euskarazko esaldi bat esan duen bakarra: «Eskerrik asko».
Bikote dotorea, lehen zatian
Orain arte Jazzaldiaren emanaldi arrakastatsuena izateko itxura osoa duenaren lehenengo zatian, bikote ezin dotoreagoak jo zuen. Dave Holland kontrabaxu jotzaile ingelesak eta Kenny Barron piano jotzaile estatubatuarrak ikusleen errespetua lortu zuen emanaldi bikaina jorratu zuten. Kenny Barron, ene aburuz, egun jazzaren inguruan aurki dezakegun piano jotzaile ederrenetarikoa da, bai inprobisazioa jorratzeko orduan bai talde batean —hirukote edo laukotea— aritzeko orduan.
Bere saioan, The art of the conversation, duela pare bat urte biek elkarrekin argitaratutako diskoa, izan zuten hizpide. Izan ere, hori izan zen biek egin zutena: elkarrekin hitz egin, ikusle guztien aurrean, bakoitzak proposaturiko abestiak tartekatuz. Adibidez, Dave Hollandek Waltz for Wheeler eskaini zigun, nik horrenbeste miresten dudan Kenny Wheeler tronpeta jotzaile zenari berak idatzitako abesti polit bat. Bitartean, Kenny Barronek erantsi zituenen gaien artean lirismoz beteriko Rain eta Seascape azpimarratu nahi ditut.
Arratsaldean, Principal antzokian, Yaron Herman piano jotzaile israeldarrak piano bakarrean zentzuz beteriko emanaldia eskaini zigun, guztiz interesgarria.
KRITIKA. Gasteizko Jazzaldia
Jamiek benetan astindu zuen jazzaldia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu