Kritika. Gasteizko 35. Jazz Jaialdia

Jamie Cullumek ikuskizuna ekarri du

Jamie Cullum eta bere musikariak Mendizorrotzako ikusleen artera jaitsi ziren jotzera. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
2011ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Jose James / Jamie Cullum

Lekua: Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: uztailaren 14a.

Ezerosoa izan behar zuen Jose Jamesen egoerak ostegun gauean. Alde batetik, kiroldegia goraino betetzen zuen jendetza bere aurrean ikusteak animatu behar zuen bere onena ematera, baina, beste alde batetik, berak bazekien publiko hori Jamie Cullum ikustera joana zela. Ataka horretan egin zezakeen gauzarik onena egin zuen: kontzertu laburra eskaini eta Cullum oholtzara gonbidatu elkarrekin zerbait egitera. Hain zuzen ere, Georgia On My Mind kantatu zuten bi artistek.

Jose Jamesek ahots baxu samarra dauka, kontakizunetarako oso aproposa dena, eta bide hori landu du bere musika garatzeko. Kantatzeko modu narratiboa dauka, nolabait esateko, eta kontatzen ari den istorioari ematen dio lehentasuna, hala soul estiloan nola hip hop edo bestelako doinuetan. Osteguneko kontzertuan, honako eskema hau errepikatu zuen behin eta berriro, aldaera gutxirekin: istorio bat kantatu, tronpetari txanda eman, eta horrek, gero, pianoari. Gustura entzuten da Jamesen ahotsa eta erregistroak aldatzeko ahalmen interesgarria dauka, oso gora igotzeko era indartsuan. Halaber, ondo baliatzen da scat teknikaz, behin baino gehiagotan erakutsi zuenez. Dena dela, musika guztiongana iristen bada ere, hizkuntza arrotz batean azaldutako mezua bide erdian geratu zen. Nolabaiteko hoztasuna igarri nuen ikusleen artean.

Jamie Cullum zen gaueko izarra eta urakan bat bezala igaro zen Mendizorrotzako kiroldegitik. Beragandik espero diren bitxikeria guztiak egin zituen eta aurreko egunetakoak baino gazteagoak ziren entzuleak txaloka eskertu zizkioten. Hasi eta berehala pianoaren gainera igo zen eta bertatik salto egin, ostikada bat eman zion eserlekuari beragandik urruntzeko, alkandora erantzi eta bota, eta abar. Keinu horiek ohikoak dira bere ikuskizunetan eta jendea horren zain egoten da.

Esker oneko hitzak

Baina showman izateaz gain, musikari trebea ere bada eta eremu nahiko zabala hartzen du bere eskaintzak, pop mundutik jazzaren eremura. Bere jatorri ingelesari keinu bat eginez, Beatles taldearen Come Together abestia egin zuen, pianoari protagonismo handiagoa emanez. Jendeak ezagutzen zituen abestiak aletu zituen kontzertuan zehar, batzuetan bizi-bizi jotzen eta besteetan giroa nabarmen lasaituz. Maisua da denbora kudeatzen eta badaki noiz animatu behar duen ikuskizuna eta noiz eskaini tarte bat kalitateko musikari. Hitz gozoak izan zituen Gasteizentzat eta Jazzaldiarentzat, bere karreraren hastapenetan garrantzi handia izan zutelako. Oholtzatik pasillora jaitsi eta Duke Ellingtonek ezagutarazi zuen Caravan pieza ederra jo zuten jende artean. Baladak kantatzen ere ona dela behin baino gehiagotan erakutsi zuen kontzertuan zehar. Beharbada hunkigarriena amaieran eskaini zuen Gran Torino izango zen, izen bereko filmean entzuten dena. Euskaraz eskerrak behin baino gehiagotan eman ondoren, laster itzuliko zela agindu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.