'La casa de la llave'
Konpainia: Tanttaka. Testuak: Mada Alderete. Zuzendaritza, dramaturgia eta eszenografia: Fernando Bernues. Musika zuzenean: Ainara LeGardon. Irudiak: Maialen Sarasua. Antzezleak: Ainhoa Aierbe, Mireia Gabilondo, Vito Rogado.Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Azaroak 1.Agenda-arazoak direla medio, ezin izan dut Giltzadun etxea-ren estreinaldia ikusi, baina gure herri malapartatuaren ohitura bitxiari jarraikiz, hurrengo egunean eman dute La casa de la llave, eta gaztelaniazko bertsioa ikustera joan naiz, Aizpea Goenagaren euskaratzea galdu dudan arren.
Eremu eszenikoaren diseinu argitsu eta txukunak eman dit, lehenengo eta behin, atentzioa. Naturalista iruditu zait, baina soila ere bai, funtzional izateko pentsatua eta nolabaiteko bizipoza transmititzeko gai, biolentzia matxistaren infernutik ihes egindako emakumeen bizilekua izanik. Tarima baten gainean gertatu da ekintza eszenikoa eta atzeko hormak kartoi zurizko kaxa handiekin osatu dira, aterpe berriak emandako babesa kartoizkoa dela irudikatuz eta biktimek bizi duten ezegonkortasunaren metafora bikaina eraikiz. Kartoi zurizko hormetan proiektatu da etengabean etxeko atariko bideo-zaintzaren ikuspegia, tratu txarren emailea edozein unetan ager daitekeela subliminalki gogoratuz, eta noizean behin beste proiekzio batzuk tartekatu dira.
Tarimatik kanpo eta eskumako aldean aritu da Ainara LeGardon, gitarra elektrikoarekin, theremin moduko batekin eta bere ahots iradokitzailearekin emakumeen kontakizun lazgarriei kontrapuntu poetiko-musikala ematen, eta taula gainean —tarima gainean, kasu honetan— hiru antzezle sendoren esku geratu da jatorrizko testuari sinesgarritasun eszenikoa eta dentsitatea emateko ardura. Ahoskera landua eta jarrera eszeniko orbangabeak erakutsi dituzte hirurek eta, hala ere, hotzak edo urrunak egin zaizkigu gehienetan, seguruenik zuzendariak bilatutako dramatismo neurtuaren bilaketan.
Gaiari ekiteko Mada Alderete espainiar olerkariaren poemak hartu ditu Bernuesek. Haren esanetan, «ez da ohiko antzezlan bat izango, baina ez da errezital soila ere izango», eta hautu horretatik etorri da babesleku hartako hezitzaile bakoitzak bere kontakizunari eustea, hiruren arteko solasaldirik ez egotea eta ekintza dramatikoan batere progresiorik ez agertzea. Dena den, Bernuesek sortutako dramaturgia-dispositibo txikiek ia oharkabean pasarazi dituzte jatorrizko gabezia horiek, emanaldiaren iraupen murriztua lagun.
Ordea, Aldereteren lerroetan kontu diskutigarri batzuk aurkitzen dira, eta haietan nabarmenena da sentimenduen izuaren eremu elkorrean nahita geratu izana, irakurleak —ikusleak— kale itsuan utzi izana eta terrorismo sozial honen aurrean batere analisirik edo irtenbide posiblerik iradoki ez izana. Eta hori guztia kontuan hartu gabe aipatutako kasuak emakume errumaniar, errusiar, ijito eta ekuadortar banarenak direla. Zer gertatzen da, bada, gurean ez dagoela halakorik?