Badira egilearen gaineko datu larregi liburu zehatz baten gaineko iruzkin batean eskaintzea gorrotatzen dutenak. Alta, kasu honetan, egilearen kameleoi-prozesuaren nondik norakoaren berri ematea ezinbestekoa da Larrua (Erein eta Igela, 2016) nobela hobeto endelegatzeko. Juan Ramon Vazquezek Literatura Unibertsala bildumarako itzulitako nobelak 167. zenbakia egiten du; XX. mendeko eleberririk esanguratsuenen artean dago ezbairik gabe, Malaparte bere ideiengatik ahaztua edo baztertua egon arren.
Curcio Malaparte (izenez Kurt Erich Suckter) Toscana eskualdeko Prato herrian jaio zen 1989an. Aita aleman protestantea izan zuen, eta ama, italiar katolikoa; halere, haien semearekin lotura familiarrik ez zuen nekazarien familia batek hezi zuen. Haren joera politikoek gorabehera ugari nozitu zituzten, hala nola Lehen Mundu Gerran alemanen kontra borrokatu ondoren, Mussoliniren alderdiko kide bilakatu zen; alta,bada, bere burua faxistatzat jotzetik Ducea nabarmen kritikatzera igaro zen, eta nolabaiteko epe anarkista ere bizi izan zuen, bere bizitzaren amaiera aldera kristau-katoliko bihurtu zen arte (konbertsio horren eraginez, ildo moral nagusia kristautasunak markatutako gizakiaren salbazioa izango da Larrua-n).
Gorabehera pertsonal politiko-erlijioso horiek guztiak kontuan izanda, Larrua honetan amerikarrak Italian 1943an lehorreratu osteko izurrite moralaren berri ematea da asmoa (egileak gertaera historikoak goitik behera aldatu zituela leporatu zioten zenbait kritikok). Amerikarren kontaktu moduan bizi izandako esperientzien berri eman ez ezik (Napoli eta Erroma amerikarren esku erori zireneko garaiak, alemanek defendatu zuten Cassino mendia hartzeko gudu krudelak 1943ko maiatzean, eta abar), pasarte oniriko edo surrealistak eransten dizkio Malapartek gerraren kronika gordinari, eta zaila da jakitea noiz den kronika eta noiz ametsa. Eta, horrez gain, nobela filosofiko esanguratsua ere bada. Malaparteri gehien interesatzen zaiona gerraren eraginezko giza degradazioaren berri ematea baita. Italiarrek beren gorputzak saltzen dizkiete enkantean beren salbatzaileei; gosearen eraginezko izurriteak den-dena hartuko du. Amerikarrek behin eta berriro gogoraraziko diete europarrei galtzaile direla, ez dutela inongo gerrarik irabazi. «Lotsagarria duk gerra irabaztea, esan nuen ahapeka», dio protagonistak nobelaren azken esaldian. Galtzaile izatea sufrimendutik askatzekobide bakarra da, Kristo lagun. Gaitzik gabe, ez bailitzateke Kristoren beharrizanik.
Malaparte estilo garden baten jabe da. Horrez gain, nobela filosofiko iradokitzailea aurkezten digu, gerra garaietako eta ondorengo giza-degradazioaren gaineko deskribapen errealista zehatza eta surrealista, aldi berean. Napoliren gaineko deskribapenak, esaterako, naturaren eta gizakiaren arteko borroka latz eta antzuaren gaineko deskribapen miragarriak dira Malaparteren lumari esker, literatura epifania bihurtzeko gaitasun naturala baitu italiarrak. Naturak gupidagabe agertzen ditu haren edertasuna eta boterea, bizirik irautea besterik ez duen gizaki hauskorraren aurrean, eta kapitalismoa zein kristautasuna txanpon bereko ifrentzuak besterik ez dira. «Gizarte kapitalista sentimendu honetan oinarrituta dagoela: sufritzen duen gizakirik ez badago, ezin dela nor bere ondasunez eta zoriontasunaz erabat gozatu; kapitalismoak kristautasunaren zurigarria gabe ezin iraun lezakeela».
'Larrua'
Izurrite moralaren zirujaua
Egilea: Curzio Malaparte. Itzultzailea: Jose Ramon Vazquez. Argitaletxea: Igela eta Erein.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu