'Nada tras la puerta'
Konpainia: Traspasos. Lekua: Gasteizen, Principal antzokian. Eguna: Azaroak 23.
Gasteizko Antzerki Jaialdian aurkeztu du Traspasos konpainiak Nada tras la puerta antzezlana. Oraingo honetan, Espainiako Centro Dramatico Nacional delakoarekin ekoiztu du muntaia, eta horrek nabarmen igoarazi ditu alde eszeniko guztien parametroak, betiere Mikel Gomez de Seguraren zuzendaritzapean.
Aretora sartzean, irudi kontraesankor bat aurkituko du ikusleak: agertokiko albo batean futbol partida bat ikusten dute klase ertaineko hiru lagunek, atzeko pianistak Bachena izan zitekeen melodia bat jotzen duela. Horrekin kontrastean, izaera espiritualeko lau neska joango dira agertzen eszenako beste aldean, Elisa Sanzen dekoratu ederraren parte balira bezala eta Oier Ituarteren argi esanguratsuan bilduta.
Lau neskak izango dira protagonista hasiera batean, sexu-eraso izugarriak pairatu dituzten ume eta emakumeen roletan, eta beren kontakizun gordinak aletuko dituzte bata bestearen atzean, kontrasterik handiena sortuz etxeko egongelan futbola ikusten dauden senar-emazteen eta haien lagunaren aurrean. Zuzendariaz gain, hainbat dramaturgo eta Hernan Zin gerra-kazetariak parte hartu dute sortze prozesuan, eta emanaldian zehar bortizkeria-kasurik gogorrenak deskribatzen dira, hitz soilez eta hurrengo kontrastea eginez irudi fisikoen dotoreziarekin, baina alde morbosoetan bete-betean murgilduta eta xehetasun ugarirekin hornituta.
Bide horretatik, laster nagusitu da gure baitan eszenatokitik doako izua banatzen zutelako sentimendua, eta harekin batera, inora ez doan kontzientzia txarra sortzeko borondatea, gerretako eta prostituzio arloko izugarrikerien kontura eta sexu-esklabotzan dauden haurren gaineko krudelkerien harira. Zeren eta ondo da —beharrezkoa, hobeto esanda— giza eskubideen urraketak antzerkian tratatzea, baina haien deskribapen soilarekin, sexu kontu lizunetan bereziki zentratuta eta testigantza itzelak testuingurutik kanpo ematean, oso da handia gordinkerien erakustaldi hutsean jausteko arriskua.
Bestalde, hainbat egileren testuak erabili dira antzezlanean, eta zuzendariak esku onez ezabatu ditu batzuen eta besteen arteko etenak, era lausoan marraztuz antzezleen rol aldakorrak. Hala ere, hainbat bakarrizketaren segida izatearen sentsazioa utzi digu emanaldiak, eta haietariko askotan antzezpenen kalitate bikaina nagusitu bada ere, beste batzuetan gehiegizkoak egin zaizkit antzezle batzuen deklamazioa eta beren dohainak luzitzeko nahia.
Kritika. Antzerkia
Izua doan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu