'EMAKUME IZOZTUA'
Egilea: Annie Ernaux. Itzultzailea: Gema Lopez Las Heras. Argitaletxea: Elkar.
Euskarara ekarritako Annie Ernauxen seigarren liburua da Emakume izoztua, 2022ko Nobel saria irabazteagatik Elkarrek argitaratua Zaitegi sariaren bidez. Autorearen ibilbidean, berriz, hirugarren lana da La femme gelée, 1981ekoa. Idazlan erabakigarria bere obra literarioan, bera idazle gisa finkatzeaz gain, hemen ageri baitira, zuzen eta gordin, gainerako liburuetan jorratuko dituen gaietako asko. Emakume izoztua-n azaltzen da, aurrekoetan baino zorrotzago, gupidagabeago, bere aurreragoko obra ezaugarrituko duen kutsu autobiografikoa, hots, idazketaren bidezko identitatearen bilaketa.
Emakume baten bizitza kontatzen du liburuak, lehenengo pertsonan, protagonistaren ahotsetik. Umetatik hasi eta helduaroraino, berbaro etengabean ariko da narratzailea, zehar estilo libre hauskor bezain sendo batekin irakurleari bizitza arrunt baten berri emanez. Ia oharkabean aurrera egiten duen luma zorrotz horrek, zirujauaren bisturiak nola, zirrikiturik txikienean ere arakatuko du, bizitza baten arrakalen azken bazterreraino. Tentuz, pultsuak dardara egin gabe, zehazten doakio irakurleari irudi lausoa: Normandiako landa eremuko herri bateko neskatoa, langileen alaba. Bizitzaren arrastoan sartzera behartua, mundu materialak eta immaterialak elkar gurutzatzen duten bidean barrena. Izan ere, horixe Ernauxek ezin hobeto egiten duena, zail-zaila izanagatik; eguneroko hitz, aurpegi eta objektuetara lerratzea begirada, horietan haragoko zerbait aurkitzeko asmoz, existentziaren eroale ezkutu gisa. Oso hemengoa den haragoko zerbait, agerikoegia izateagatik horren ezkutukoa dena. Ohikeriak estaltzen duen mundu isila orriotara dakar autoreak, tarteka samur arituagatik itxuran, behin baino gehiagotan listua irenstera behartzen duen idazkeraz.
Idazkera autokontzientea ere bada Ernauxena, ezen idazketari berezkoa zaion edertze nahiaz jakitun baita egilea, baina horrela dio: «Neure burua idazten ari naiz, gogoak emandakoa egin ahal dut: nahi dudan mozorroa jantz dezaket, gaizki esan-eginak aisa zuzendu». Hala, mozorroak jantzi eta erantzi ibiliko da, fikzioari tripakiak ateratzen errealitatearen argitan disekzionatzeko. Eta ezarian emango ditu kolpeak, esaldi itxurakoak; mikaztasuna gordetzen duten hitz goxoekin, ironia mingarriekin, etsipena dosi txikietan banatzen duen hizkera arruntarekin. Irakurleak aurrean izango du identitate baten bilaketa, bere zertzelada eta xehetasun guztiekin: emakume kontzientzia baten eraikitze apurkakoa; langileen alaba bat klase sozialen piramidean gora egin nahian, izaera burges txikia besarkatzearen eta jatorria atzean uztearen arteko trantzean. Azkenik, emakume bat izoztua, inposizio sozialek itolarrizko rol batean sarrarazia. Generoa, langile izaera eta amatasuna identitatearen bide-gurutzean, horietaz jardungo du, besteak beste, Ernauxek; ez modu abstraktu, orokorrean, ezta predikatuz, irakurlea leziatuz ere, baizik eta idazketa ernez, zoliz, ingurura begiratuz eta mundu ustez osagabe hura hitzetara ekartzen saiatuz.