'Planeta sin nombre'
Artista: Edu Lopez. Non: Marzana Espazioa galeria, Bilbon.Noiz arte: Ekainaren 9ra arte.Azken urteetan gordetzen duten harreman estuaren inguruan, Bilboko Marzana Espazioak eta Edu Lopezek erakusketa berri bat antolatu dute, Planeta sin nombre izenburuarekin aurkezten zaiguna. Nahiz eta jada ezaguna den 1965. urtean Donostian jaiotako artistaren lana, erabiltzen dituen erregistroak ezagunak izanik, erakusketa honek azken bi urteetan egin dituenekin antzekotasun edo jarraipen bat erakusten du, bereziki 2016. urtean Altxerri galerian aurkeztu zuen Las razones del monstruo eta 2015. urtean Marzana Espazioan bertan aurkeztutako [input].
Edu Lopezen kasua berezia dela esan dezakegu, haren erakusketak ikusten ditugunean, irudi, grafia, kolore eta formatuen hasierako sinpletasunetik, bereziki erabilitako gai eta tekniken gertukotasunak biltzen duena, muntaketaren aurkezpenean eta atzetik gordetzen duen diskurtsoan murgilduz goaz. Pintura horien aurrean kokatu, eta horien irakurketa eginez eta harremanak sortuz goazen momentu beretik, poliki-poliki handituz doa prozesua, diskurtsoa eta horren irakurketaren inguruko konplexutasuna.
Artistak azken erakusketa honetarako aurkeztu dituen lanak formatu txikikoak dira. Hamar eta hogei zentimetro artean dabiltzan lanak gailentzen dira, nahiz eta horien artean formatu handiagokoak ere nahasten diren. Kontatu ez arren, formatu txikiko lanen kopuru handi bat aurkezten da galeriako paretetan, eremu guztian zehar zabalduta. Ilustrazioak eta grafismoak garrantzi berezia gordetzen dute Lopezen lanean, grafismo eta paisaia ezberdinen artean kultura popularraren barnean sailkatzen diren irudiak barneratuz, batez ere komikiaren munduarekin harremana dutenak. Prozesualki sinpleak bezain indartsuak dira Edu Lopezen lanak, eta kolore planoek pintura eremu neutral batera eramaten dutelarik, horren garrantzia lausotzeraino.
Horrela, informazio erauntsi moduan, irudiak bata bestearen atzetik pilatuz doaz, gure begiradaren jakin-mina irudi batetik bestera mugituz, informazio ezberdinen arteko loturak sortuz. Horrela, muntaketa bera instalazio bilakatzen da, besteak beste, paisaia, pertsonaia, hitz, animalia, superheroi, hegazkin, estralurtar edo kosmonautenartean pintorearen lana idazlearenarekin nahastuz, estilo eta prozesuen aberastasun baten bitartez. Miniatura horiek guztiak pertsonaia, egile eta toki ezberdinen zeharkako aipamen bilakatzen dira, eta ikusle moduan aurkezten zaigun iruditeria popular honen barruan murgiltzera gonbidatzen gaitu.
Bestalde, diskurtsoaren eta muntaketaren artean kokatzen den ezaugarri bat dago, artelanen informazioaren inguruan zabaltzen dena. Pinturek ez daukate titulurik (bistan ez behintzat); guztiak erakusketaren izenburupean biltzen dira. Artista, obra eta sorkuntza proiektu ezberdinak informazioaren inguruan biltzen dira: batetik, horien inguruko aurkezpen testuen bitartez; bestetik, elkarrizketa eta kritiken bitartez. Guztiek esanahi eta identitate bat eraikitzen duten kontaketa bat garatzen dute, eta, era berean, proposamena bere egiten duenean, ikusleak fantasia propio bat sortzen du.
Identitatearen kontzeptua egungotasuna ikertzeko beharrezkoa da, lekuko kulturaren eta kultura globalaren arteko harremanaren inguruan garatzen dena. Era berean, elkartu eta banatu, apurtu eta nahastu... naizen hau eta gainontzekoak diren hori identifikatzeko aztarnak zabalduz. Alde batetik, behintzat, horrela funtzionatzen dute artista donostiarraren obra eta muntaketak, azaltzen dituen irudi multzoen bitartez, eta horien inguruan sortzen ditugun harremanak kontuan harturik, gertukoa eta urrunekoa den horren artean kokatzen gaitu, behin eta berriro haustura eta lotura ezberdinak sortuz. Etengabeko marruskadura eragiten duen higidurapean kokatzen gaitu.
Erakusketatik atera orduko, eta benetan Lopezen irudien irakurketan murgiltzen bagara, noraezean egotearen sentimendu batek biltzen gaitu, urrunekoak edo ezezagunak diren horiek gertukoak diren haiekin nahasten baitira; azkenean, nongoak, norenak eta norentzako galderei erantzun bat bilatu nahirik, irudi horiek biltzen dituzten mezuek irakurketa ezberdinak plazaratzen dituzte, izenik gabeko, ala, hobeto esanda, izen jakin edo konkretu gabeko planeta irudikatuz. Eta, horrela, izenik gabeko planetak izenik gabeko izakiak sortzen ditu.