KRITIKA. Artea

Izaten jarraitzeko esperoan

GOTZON ARANBURU / @FOKU.
2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun

'Baginen bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak'

Non: Donostiako San Telmo museoan. Noiz arte: 2022ko martxoaren 13ra arte.

Emakume artisten inguruko informazio urriaren zergatia gizartearen egitura patriarkalean oinarritutako logika baztertzaileetan dago. Euren lanak biltzeko aukera eskasak kontuan izanik, eta hutsune sakon batean murgilduta, asko eta asko dira ahantziak izan direnak. Eta logika horietan barneratzeko aukera izan zutenek parametro zehatzak mantendu behar izan zituzten euren adierazpen artistikoak aurrera eraman ahal izateko. Bada, denboraren poderioz mugak eta parametroak eraldatu edota lausotu egin diren arren, aztarnak mantentzen dira.

Alabaina, emakume artisten erakusketak eratzeko orduan, euren lanak aurkeztu eta lotzen dituen ildo komun bakarra emakumetasuna denean, ez al da haien lanen eraginkortasuna murrizten? Egoera honetara nola eta zergatik iritsi garen ulertzea beharrezkoa baita. Izan ere, neutraltasunetik harago, instituzioen autokritika beharrezkoa baita, ez?

Logika horietan murgiltzen da guztiz Baginen Bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun-(ez)aren logikak, Garazi Ansak eta Haizea Barcenillak elkarlanean komisariatutako mostra. Halatan, San Telmo museoan kokatutako erakusketaren diskurtsoak komisarioek bideratutako ikerketa du giltzarri, zuzen-zuzenean hausnartzera bultzatzen gaituena: non, nola, zer baldintzatan daude eta zeuden euskal testuinguruko emakume artistak eta haien lanak?

Atalez atal, zirkuitu zirkularra mantendurik, erakusketan diskurtsoak eraikitzen dituzten faktoreak ikusarazten dira. Bidea era kronologikoan egituratzen da eta, mostraren beraren izenburuari men eginez, Baginen hitzak ematen dio hasiera ibilbideari. Puntuz puntu hausnarketa prozesuan barneratzen gara: Nola eratzen da bilduma bat?; Emakumeen arte hezkuntza; Legitimazio bila; Geometriaren ikuskera anitzak; 90eko hamarkadako eztanda... Eta, azkenik, Bagara hitzak burutzen duen espazioak harrapatzen gaitu. Hein handi batean, hitzen bidez sortzen den ehuntze horrek antzinako eta egungo emakume artisten presentzia aldarrikatzen du.

Mostran barneratzean, lehenik XIX. eta XX. mendeen hasierako artisten lanak aurkezten zaizkigu. Betiere, artelanen konposizioari eta egituratzeari zentzua ematen dien testuinguru baten barnean. Bertan aurkezten zaizkigun pezetatxo batzuek artean ematen den euskarrien kategorizazioaren logika patriarkalak urratzen dituzte, bertan ehungintzari men egiten dioten adierazpenak, natura hilak edota eskala txikiko pinturak aurkezten baitira. XIX. mendean jada egonkortu ziren feminitate ereduen baitan, horrelako adierazpenak eredugarriak baitziren, batez ere, emakume burgesen hezkuntzan.

Abiapuntua hori izanik, espazioetan barneratu ahala, perspektiba eraldatzen zaigu, eta kritikotasun uholde batek kitzikatzen digu gorputza. Hausnarketa aktiboa eskatzen digu mostrak, inguratzen gaituen oro zalantzan jartzeko bulkada eraginez.

Erosotasunean oinarritutako diskurtso neutroa urraturik, kritika feministaren betaurrekoak janzten dizkigu erakusketak; San Telmo museoaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren bildumaren parte diren emakumeen presentzien zein absentzien zergatiak ulertaraziz. Oraingoan, diskurtsoak emakumeen esperientziak hartzen baititu barrenetan. Alabaina, ez ditu gizon garaikideak baztertzen, haietako askok ere badutelako beren espazioa erakusketan. Izan ere, haiek aztertzeko eta ulertzeko perspektiba, diskurtso hegemonikoetatik landu ezean, bazterretik garatzen da.

Museo baten bildumak iruditeria zehatz bat sortzen du, zeinak azkenik memoria kolektiboan eragin zuzena duen. Alegia, museoen bildumek eta horiek erakusteko erek diskurtsoak sortzen dituzte, eta diskurtso horiek eragin zuzena dute gizartean, iritziak bateratzeko orduan. Baginen Bagara behin-behineko mostra da, zeinak martxoaren 13an ateak itxiko dituen. Momentu horretan bertan, erakusketan aurkeztutako artisten lan asko gordailuetara bueltatuko dira... argia berriro noiz ikusiko zain. Bada, mostra museoaren bildumarekin egituratu dela kontuan izanik, ez litzateke zilegi izanen Baginen bagara-k, izaten jarraitzeko, mostra iraunkorrean eragin zuzena izatea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.