KRITIKA. Antzerkia

Izar magikoaren bila

Agus Perez.
2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun

'Lur'

Konpainia: Xake produkzioak. Egilea: Kepa Errasti. Zuzendaritza: Getari Etxegarai. Musika: Pascal Gaigne. Eszenografia: Eider Ibarrondo, Isabel Acosta. Argiak: David Alkorta. Antzezleak: Kepa Errasti, Nerea Gorriti, Mikel Laskurain, Erika Olaizola. Lekua: Bilboko Azkuna Zentroko auditorioa. Eguna: Otsailak 24.

Izar magiko baten bila abiatuko dira Ane eta aitaita Julian. Tira, biak bakarrik ez, haiekin batera Aneren ama eta Lur ere abiatuko direlako. Baina mundu errealeko pertsonaiak hasierako biak dira, Lur trapuzko panpina delako eta ama hilda dagoelako. Amaren presentzia, ordea, nabarmena da emanaldian, eta rol garrantzitsua betetzen du Aneren ume-unibertsoan aitaitaren ostean, bera delako Ane den moduan onartzen duen bakarra.

Eta hortxe dago koska, Ane fisikoki neska jaio baina mutil sentitzen delako eta nahi duen bakarra ingurukoek errealitate hori onartzea da. Eta aita? Non dago aita? Amaren heriotzaren ostean, nahikoa lan dauka bere bizitza berrosatzen alabaren burugogorkeria dirudienari ganoraz aurre egiteko, eta lanak edukiko dituzte beste guztiek ere, aitaren jokabidea hala edo nola bideratzeko.

Nahita luzatu naiz Kepa Errastiren testuaren planteamenduan, printzipioz transexualitateari buruzko lana zirudienak umeen ikuspegia bete-betean harrapatu eta nagusien emozioen maneiu zaila ezin hobeto jaso duelako, sentsibilitate handiz eta batere bigunkeria barik. Gainera, ondo heldu dio sakoneko gai delikatuari eta baikortasunez zipriztindu ditu egoerak, batez ere aitaita Julian pertsonaia maitagarriaren laguntzaz.

Getari Etxegarairen zuzendaritzapean, oso orekatuta agertu dira lau antzezleak, eta elkarlan bikainean jardun dute bai beren artean bai elementu eszenikoekin, taula gaineko gauzakiak ezinbestekoak izan direlako protagonistaren eta gu-guztion irudimena maila miresgarrira igoarazteko. Alde horretatik, aitortzen dut aspaldi ez genuela hain eremu eszeniko polita, iradokitzailea, lagungarria eta erabilera askotarikoa ikusten, eta gauza apal-apalekin eraikitako gauzen artean, txalupa, amildegiaren gaineko zubia eta globo bidaiaria gogoratuko ditugu bereziki. Era berean, aipatzekoak dira argien diseinu emozionala eta Pascal Gaigneren musika, Nerea Gorritik Aneren ama eskusoinuz, ukelelez, kaxaz eta ahotsez interpretatu duena.

Azkenik, esan beharra dago adin guztietarako dela harribitxi eszeniko hau, ez bakarrik familia erako publikoarentzat. Izan ere, gaurko emanaldian seme-alabarik gabeko ikusle heldu asko bildu dira, eta gurasoekin zetozen ume ugariek txintik esan gabe eman dute ordubeteko denbora, magiak harrapatuta. Txaloen orduan, publikoak luze, entusiasmoz eta zutik txalotu du proposamena, eta denok irten gara bizipoz betearen sentsazioarekin kalera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.