KRITIKA. Zinema

Izana duenik bada

Paul Urkijoren Irati filma. DAVID HERRANZ / FILMAX.
Andoni Imaz
2023ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
'Irati'
Zuzendaria:
Paul Urkijo.
Aktoreak:
Edurne Azkarate, Eneko Sagardoi, Itziar Ituño, Nagore Aranburu, Kepa Errasti.
Herrialdea:
Euskal Herria.
Iraupena: 114 minutu.

Irati filmak harrera beroa izan du, eta, egia esanda, solemnea ere bai. Filma bera ere horrelakoxea da, serioa, irribarre eta brometarako tarterik gabekoa ia —eskerrak haurrei eta animaliei—. Istorio epiko totala. Hala ere, handitasun horretan, tentsio bat nabari da irudi bakoitzean, egilea pultsua egiten ariko balitz bezala filma denaren eta izan zitekeenaren artean. Horrek ez du zertan etsia adierazi: tentsioak berarekin dakar ezinezko proiektu bat arrakasta komertzial bihurtu ahal izateko erakutsitako adorea.

Paul Urkijok asmatu egin du: asmatu du proiektu pertsonal bat, ekoizpen handi bat eta ikusle asko lotzeko gai den istorio bat bateratzen. Eta asmatu du hori asmatzen: ausarta izan da mitologia eta historia nahasten, eta neurri berean jokatu du ikuskizunaren eta errespetuaren alde; gaur-gaurko gaiei ere keinu batzuk egin dizkie, gainera —«giza lukurreriak oinpean darabil oihana», dio Marik—. Zuzendari gutxik irudikatu dituzte Erdi Aroko lehen mende urrun haiek, are gutxiagok Mendebaldean.

Bitasunez jositako istorio bat kontatu du filmean, bi munduren arteko igurtzi etengabean dabilena, argi-itzalen bidez. Lanbroak hartutako baso itxi horretan sortzen da magiarik bereziena, eta irudi ederrak uzten ditu, efektu bisual sotilen bidez. Kontrara, beste pasarte batzuetan, efektu digitalek pixka bat kamusten dute giro hori.

Tentsio haren eragina sumatzen da, ordea, irudien planifikazioan, eskema mugatu baten mende baitago, tarteka kontakizuna zamatzeraino. Kontzeptu bisual ikusgarriek ez dute elkarrengana modu eraginkorrean lotuko dituen muntatzerik, ezta maila bereko ideiarik ere gidoian, eta sekuentzien katigatzeak apaldu egiten du emozioen garapena.

Interesgarriak dira Irati protagonistaren barruko minak, eta nabarmentzekoak Edurne Azkarateren lan fisiko eta naturala, Eneko Sagardoirekin osatzen duen bikote ona —mitoaren inguruko maitasuna modu zalantzagarrian gorpuzten den arren—, Kepa Errastiren bilau begirada sarkorra eta Iñigo Aranbarriren intentsitate neurtua. Egia esan, nekez irudika daiteke filmerako aktore talde hoberik. Taldea bezain aproposa da, gainera, hizkuntza girotzeko erabili duten doinua eta elkarrizketen lirikotasuna.

Filmaren estiloak konparazio potoloetara jotzeko gogoa piztu dezake, baina Irati-k ez du horren beharrik: aldiro asmatu behar izan du bere burua, baita bere neurria ere, eta lortu du izaera bitxi horri forma propio bat ematea. Tentsioak beste bizi bat dauka eskuz eginda dagoenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.