KRITIKA. Artea

Izan makarra eta igo tximistara

2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun

'Ride the Lightning'

Artista: Raisa Alava. Non: La Taller, Bilbo. Noiz arte: Ekainaren 6ra arte.

Tximisten argitasun eta dirdirek zeru ilunetan marrazten dituzten irudiek edonor txunditzen dute, baita haien ondoren bat-batean sortzen diren burrunbek ere. Gozamen estetikoa eta asaldapena dira, biak uztarturik, naturak eskaintzen dizkigunak. Geure bizi une erosotik ateratzen gaituzte, lilura eta ezinegona sortuz. Metallicak 80ko hamarkadan, fenomeno natural horren gainean, hura dominatuz edo hark gu dominatuz ibiltzeko aukera proposatu zuen Ride the Lightning diskoaren argitalpenarekin. Utopia da, argi dago, baina amets ederra litzateke. Hala ere, eta eskala txikiagoan bada ere, badugu sentsazio horiek sentitzeko aukera materiala eta benetakoa geurean, Raisa Alavak La Taller espazioan izen berarekin aurkeztu duen erakusketan.

Aretoko eskailerak jaitsi orduko, begiak espazioko hormetara doaz. Haietan esekitako paperetara. Urrundik ezin daiteke bereizi zer dagoen horietako bakoitzean, eta, beraz, lanak ikusi ahal izateko, bisitariaren pausoak hurbilarazi behar dituzte, eta erakartzen dituzte. Hala, nireek ere bide bera hartu zuten.

Hormetako paperetan marrazkiak nagusitzen dira; marrazkiek euskarri guztiak estaltzen dituzte, halako barne behar bat izango balute bezala, artistak halako pultsio edo irrika kontrolaezina izango balu bezala, hutsik dauden espazio guztiak betetzeko. Baina, era berean, ez da inongo horror vacui sentsaziorik transmititzen, ez inolako gehiegizko barrokismorik ere. Orekatsuak, dotoreak eta neurritsuak dira hautematen diren munduak.

Komikiak bailiran bertakoa, eszenaz eszena, binetaz bineta, gainazal horietan irudikatzen dena deszifratzeko, argitzeko intentzioa gailentzen da. Izan ere, gertakizunen segida bat, ordena bat antzematen baita haietan, bertan zerbait gertatzen den sentsazioaz seguru egonik. Baina zer da gertatzen den hori? Ezin jakin ziur, ezin erantzun bakarra topatu. Hasiera batean hain gertukoak diruditen ikonografiak, bat-batean, arrotz bilakatzen dira, eta irudi bakoitzari esanahi zehatzak jartzeko ezintasunak liluratzetik asaldapenera mugiarazten du ikuslea. Artistaren lan metodologia, bada, eroso sentitzen denean bere buruari arazo bat planteatzean omen datza paperaren gainean, eta arazo hori bera, euskarriaren bidez, ikusleari berari transmititzera igarotzen da. Hala, azken finean, tximistekin gertatzen den bezala, plazer estetiko horretaz gozatzea beste aukerarik ez dago; haiek zuzentzea, haiek gidatzea eta dominatzea ezinezkoa bilakatzen baita.

Marrazkiekin sortutako munduen aberastasuna, bestetik, euskarrien aniztasunak osatzen du. Hain zuzen ere, bai euskarriek baina baita haiek burutzeko erabilitako teknikek ere, ikonografia berri honetara sartzeko ate eta leihoak irekitzen baitituzte. Batzuetan, kolorearen bidez izan daiteke; besteetan, berriz, kartoi mehearen sendotasunak barneratzen zaitu, eta honen gainean grabatuaren bidez lortutako lerro fin eta dotoreek, edo gardenkien hauskortasunak besteetan.

Hala ere, erakusketak haietatik ateratzeko aukera ere ematen du; bi dimentsioko ikus sentsazioetatik hiru dimentsioko espazialtasunera igarotzekoa. Hori, hain zuzen ere, azken urteetan lantzen ari den zeramikaren bidez lortzen du artistak. Badira zenbait, hormetako marrazkiekin elkarrizketa eginez, haietan esekirik daudenak. Baina bereziki interesgarriak dira tamaina handiagokoak, bolumen handiagokoak; azken urteotan hainbatetan ikusi diren izaera zirtzileko zeramikekin apurtzen dutenak. Makarrak dira, punkiak, baita baldarrak ere, baina hormetako marrazkiekin oreka bikaina lortzen dute, bertako pertsonaien pertsonifikazioak bailiran.

Egun, gai zehatzak jorratzen dituzten arte proiektuak erabat zabaldurik daude, eta oso interesgarriak dira, haien inguruko ikuspegi eta lotura ezberdinak eskaintzen baitituzte —beste jakintza esparruetatik egitea pentsaezinak liratekeenak—. Hala ere, artearen plazer estetiko hutsa ere erreklamatu eta berreskuratu beharreko espazioa eta eremua da. Sentsazio eta emozioei ere beharrezko eta ezinbesteko den esparrua aitortu beharrean gaude, zeina badirudien urtetik urtera txikitzen ari dela, eta erakusketa hau horretarako leku aproposa izan daiteke. Txunditu, liluratu, asaldatu, gozatu, izan makarra une batez, edo sentitu nahi duzun hori. Tximistaren gainera igotzearekin amestu, eta ea zer gertatzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.