KRITIKA. dFeria

Izaki zerutiarrak, izaki lurtarrak

Agus Perez.
2018ko martxoaren 7a
00:00
Entzun

Lasala eta Chimeres

Lekuak: Gazteszena eta Antzoki Zaharra. Donostia.Eguna: Martxoak 5.

Gazteszenako atarian itxaroten geundela lau izaki enigmatiko agertu dira goiko zubitik, eta haiek eskailerak jaitsi orduko auto bat geratu da gure aurrean. Handik beste hiru lagun irten eta haietariko batek eboluzio batzuk egin ditu autoko sabaian. Barruko atarira joan garenean, goiko barandatik garatu dituzte beren eboluzio sinkronizatuak, eta aretora sartu garenean oso disposizio ezohikoa topatu dugu. Ikusle batzuk aulkietan eseri dira, beste batzuk lurrean, eta dantzariek erdiko gunean zein eszenatokian jardun dute.

Ikusten denez, Judith Argomanizen azken sorkuntza honetan garrantzi handia hartu du site-specific delako kontzeptuak, eta niri behintzat erakargarria egiten zait leku jakinen disposizioari erabilera artistiko bat emateko ahalegin oro, are gehiago ongi ateratzen bada, kasu honetan bezala. Areto barruko atalean hobeto antzeman dugu koreografoaren apustuaren neurria: Jaiotz Osa Lasala konpainiako kide beteranoa Garazi Etxaburu Dantzaz konpainiako dantzari ohiarekin aritu da duo luze eta adierazgarri batean, eta gainontzeko gehienek ere —Ruben Albelda Lasalako kide da— Dantzaz-en eman dituzte urteak. Ekipo berezi horrekin bidaia berezi batera eraman gaitu proposamenak, era askotako soinu-banda inguratzailean bilduta eta nesken zein mutilen uniformeek 2001: Espazioaren Odisea-ko estetika gogoratzen zigutela, interprete guztien begirada hotza eta aurpegien neutrotasun nabarmena lagun.

Ordea, areto barruko guneen diseinuak ez dio ekarpen berezirik egin lanari, eta oztopo bihurtu da lan honetaz behar bezala gozatzeko. Hala ere, preziatzeko modukoa da koreografoak bide berriak urratzeko egin duen ekinaldia, bai erritmo lasaiagoaren bilaketan bai hizkera koreografikoa berritzeko asmoan, haren ohiko keinu-aberastasun itzela ahaztu gabe, eta pasarte batzuk —hiru nesken dantza erdi hipnotiko erdi erotikoa, kasu— ongi asmatuak eta eraikiak iruditu zaizkit.

Aurtengo dFeriako lehen eguneko beste lan nabarmena —Tanttakaren Giltzadun etxea eta Lagartijas tiradas al sol-en Tijuana aspaldi komentatu nituen orriotan Miarritzeko Chimeres konpainiaren eskutik etorri da, Jean Marie Broucareten zuzendaritzapean, eta harekin igaro gara izaki zerutiarren eremutik lurtarren mundura.

Konpainiak Latinoamerikarekin duen laguntasuna baliatuta—gogora dezagun Translatines jaialdiaren antolatzaileak izan zirela urte askoan—, Manizaleseko jaialdirako (Kolonbia) prestatu zuten obra hau, eta gaztelania txukunean eman dute gurean ere. Izenburuak dioen bezala, bi ahizpa dira tragikomediaren protagonistak, baina lan honen balio osoaz jabetzeko, jakin beharra dago Fabio Rubiano Orjuela egileak ospe handia daukala kontinente hartako antzerkigintzan, eta obra honetan maisuki baliatu duen umore beltza ezinbesteko tresnatzat daukala «errealitateari buruzko gogoeta-mekanismoa bezala, publikoari sakonago hausnartzea ahalbidetzen diolako».

Horrela jazo da argumentu txundigarri honetan ere, non bi ahizpen artean era guztietako krudelkeriak, hilketak, traizioak, gezurrak eta desmasiak ezer gertatuko ez balitz bezala ikusi ditugun, egileak etengabe eta abilezia handiz nahasi baititu errealitatea eta fikzioa, oraina eta iragana, ezkutuko asmo hutsak eta benetako egitateak. Eszenaratzea ere asmamen handiko gauzatzat jo dezakegu, lehen begiradan eskematikoegia iruditu zaigun arren. Ezker aldean Karina Ketz soinu-teknikaria jarri da, efektu batzuk ordenagailuan sortuz eta beste asko artisautza eran eginez, eta eskuin aldean mikrofono bat egon da, noizean behin handik eman direlako gatz eta piperrezko gogoeta bereziak. Bitartean, bi ahizpek ekarri eta eraman dituzte eszena bakoitzak behar zituen tresnak eta altzariak, are dibertigarriagoa eginez berez zoroa, ausarta eta ganberroa zen egoera. Aiztoak, pistolak, kamioi-harrapatzeak... Ez da ezer falta izan eszenaratze bikain honetan, baina denetan onena gizonaren figurapsikoanalista, laneko burua... irudikatzeko sistema izan da, haren presentzia eszenako albo batean eserita eta hitzik esan gabe gauzatu delako, hankak eta oinak baino ez zitzaizkiola ikusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.