Literatura. 'Hariak'

Itziarren alabak

Idazlea: Yoseba Peña. Argitaletxea: Susa.

2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Hiru kontakizun, hiru protagonista eta hiru garai ekarri dizkigu Yoseba Peñak Hariak eleberri hirukoitzera: XX. mendeko gure historiaren destilazio bat, familia bereko hiru belaunaldiren, hiru emakumeren azalean kontatua. Ireneren, Xexiliren eta Olatzen larrutik goaz 36ko gerra hasi aurreko girotik 80ko hamarkadaren amaieraraino. Emakumeon istorioek, batik bat lehen bienek, haien eguneroko pasadizoen bitartez egiten dute aurrera, eta, horrekin, Peñak garai eta bizimodu bakoitzaren mihise aberats bat margotzen digu, xehetasun eta plegu ugarikoa, kasik istorioak ahozko pasadizotan kontatuko balira bezala, batik bat lehen biak. Hirugarrena, Olatzena, nabarmen aldentzen da beste biengandik, hala luzeraz nola mamiz, eta inpresioa dut horrek kalte egiten diola nobelaren biribiltasunari, azken parteak ez baitie eusten beste bietan hasitako bideei.

Bestalde, nago nobelak ez duela bete-betean asmatu kontaerarekin. Egileak hasieratik eginiko hautu estilistiko batzuk, oro har kontaerari eta narratzailearen ahotsari dagozkionak, aski zalantzazkoak iruditzen zaizkit: narratzaileak elipsia barra-barra erabiliz kontatzen du, eta sarri trakeskeriara lerratzen da; horrek nabarmen zamatzen dio diskurtsoa. Era berean, narratzaileak gertuegitik jarraitzen die protagonisten barne gogoetei, eta horrek, narratzailearen ahotsa kaskartu ez ezik, pertsonaien garapenari ere eragiten dio, azken finean hirurek konpartitzen baitute ahots narratibo bera.

Uler bedi: nabari da kontaera landua eta planifikatua dagoela, neurtua eta molde jakin baten erara taxutua. Soilik esan nahi dut iruditzen zaidala hartutako erabaki estilistikoek pobretu egiten dutela kontakizuna, aberastu beharrean, eta zaildu egiten dutela horren atzean dugun mihise aberatsera heltzea.

Nolanahi ere, bada kontaeraz haragoko arazorik ere, eta protagonistekin du zerikusia, emakumezko protagonistekin. Izan ere, nabarmena da berriro, batik bat lehen bi istorioetan emakumeen unibertsoa atzitzeko saiakera, Gizonek Idatzitako Historiari emakumeen bazterreko historiarekin ihardesteko asmoa. Baina emakumeok, guzti-guztiak, erabateko pasibotasunean daude murgilduta, inguruko gizonen (aiten, senar(gai)en, burkideen...) erritmoan dantzan, haien eta Haiek Idatzitako Historiaren olatuak harrapaturik, eta ez dira beren bizitzen jabe. Ez dut esango emakumeok heroi mitifikatu eta errealitatetik aldenduak izan behar zuketenik, noski, baina burujabetza falta horren naturalizazioak eta trataerak urduritu egin naute, eta ez soilik betaurreko moreei dagokienez; izan ere, adibidez Olatzen istorioan, nago protagonistaren ekimen falta narrazioarentzako oztopo ere badela, bere inguruko gertaeren joanean harrapatuta baitago, halako paralisi batean. Halaber, iruditzen zait plazerean edo behintzat positiboki amaitzen den bortxaketaren topiko matxista ez dagoela behar bezala erabilia, baldin eta behar bezala erabiltzeko modurik bada.

Nobela ez dugu bertuterik gabea, eta, gaien aldetik, inpresioa dut aurkitzen diola dimentsio berririk gure historiaren eta memoriaren kutxari. Halere, kontaerak eta pertsonaiek huts egiten diote nobelari; irakurleak berak esan beharko du huts horiek zenbateraino zaizkion oztopo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.