'7 Euskal Eskultore'
Non: Okendo kultur etxea, Donostia. Noiz arte: Urtarrilaren 18ra arte. Artistak: Ricardo Ugarte, Jose Zugasti, Ramon Landa, Koldobika Jauregi, Iñaki Olazabal, Iñigo Arregi eta Iñaki Ruiz de Egino.Okendo kultur etxearen eta diputazioaren eskutik Gaur taldearen ondorengo generazioaren parte diren zazpi euskal artistaren erakusketa aurkeztu da, 2016. urteari amaiera emateko. Nafarroa etorbideko aretoan Ricardo Ugarte (1942), Jose Zugasti (1952), Ramon Landa (1949), Koldobika Jauregi (1959), Iñaki Olazabal (1959), Iñigo Arregi (1954) eta Iñaki Ruiz de Eginoren (1953) 27 lan ikus ditzakegu, Oteiza, Txillida edo Basterretxearen itzal luzetik irten eta horien atzetik ere euskal eskulturaren jarraipen aberats bat izan zela azpimarratuz.
Proiektua 2014. urtean sortu zen, Amets-Kabi izenburuarekin, Xabier Saenz de Gorbeak komisariaturik zazpi artisten lanak Arantzazun aurkeztu zituztenean. Bi urte geroago eta lehen erakusketa honen arrakastak bultzatuta, 7 Euskal Eskultore izenburuarekin aurkeztu dituzte Donostian, eta nahiz eta ez diren Donostia 2016 programaren barruan sartu, kultura aldetik berezia izan den urte honen barruan euren aztarna utzi nahi izan dute.
Azken erakusketa honetan Iñaki Ruiz de Eginok egin ditu koordinatzaile eta komisariaketa lanak, Saenz de Gorbea arte historialaria 2015. urtean zendu baitzen. Okendo kultur etxearen erakustaretoa erdialdean ezarri den pareta baten bitartez zatitu dute, ikusleari ibilbide zirkular bat proposatuz. Era berean, eta espazioaren tamaina dela eta, artista bakoitzaren multzoa formatu txikiko lau lanetara mugatu da —Olazabalenak izan ezik; bere kasuan, hiru—, guztira biltzen diren 27 artelanak modu jarrai batean zabaldu aretoan zehar. Espazioa eta lanak biltzeko modu erraz eta aproposa aukeratu da, nahiz eta agian —atzealdeko zatian batez ere— lanek espazio gehiago eskatzen duten.
Bide horretatik euskal eskulturaren historiaren barruan beste pauso bat aurkezten zaigu, hain errotua daukagun estetika eta formaren tradizioaren bidetik prozesu eta material ezberdinak nahasten direlarik, multzo aberasgarri bat aurkeztuz. Horrela, Andaren sorkuntza zilindrikoek Jose Zugastiren estruktura etereoei bide ematen diete, eta espazio, korapilo eta itzalen artean materialtasuna desegiten doa. Zugastiren estrukturen desegonkortasunak Ruiz de Eginoren diedro irekiek azaltzen duten trinkotasun geometrikoarekin talka egiten du, eta, era berean, azken horren angelu eta lerro zuzenak Arregik sortzen dituen planoen pilaketekin nahasten dira. Poliki-poliki Jauregiren lanekin materiala espazioa hartuz doa, burdina edo egurraren materialtasunaren pisua eta forma soilak Eta materialtasunak bere gorena lortzen duen puntu honetan ibilbideak berriro ere kontrako bidea hartzen du. Olazabalek eztainatutako titanzinkaren bitartez sortutako estruktura totemiko eta sareten barruan espazioa zabalduz doa, ondoren aurkezten zaizkigun Ricardo Ugarte pasaiatarraren forma irekien bitartez hutsunea eta materialaren arteko hartu-eman zuzen bat berregiten delarik.
Horrela, hainbat bidegurutzeen aberastasun honetan euskal eskulturaren bidea eraikitzen da, Gaur taldearen ondorengo belaunaldi honek azken hamarkadetako euskal eskulturarekin harremantzen dugun estetikaren eboluzioaren lehen pauso bat erakutsiz: poliki-poliki oinarrien eraldaketa bat jasan duen lengoaia baten bilakaera. Informazio ezberdina zabaldu da garapen honen inguruan, batzuk nahiko ezkor azaldu direlarik. Erakusketa honen protagonistak izan diren artistak azken hamarkadetako euskal eskultura identifikatu duten beste hainbat artistarekin nahasten dira, Badiola, Moraza edo Irazu, besteak beste, eta horien arteko konparaketan lengoaia honen eraldaketaren pauso argi bat ikusten da. Askok tristeziaz eta frustrazioz betetako bide baten antzera aurkezten dute aldaketa hau, izango zen hura bidean gelditu balitz bezala.
Arteak eta artea sortzeko lengoaiek aurrera egiten dute, gizartearekin batera, eta arteak ere bere esparruak betetzen ditu garai bakoitzean, testuinguru sozial, politiko, kultural edo ekonomikoen eremuetan bere tokia bilatuz. Azkenean, gehiago ala gutxiago, aipatutako artista guztiek bere ekarpena egin diote hain errotua daukagun estetika horri. Politika eta kulturaren arteko harremana aldatuz joan da azken hamarkadetan, eta gizartea jasaten ari den oinarrizko aldaketak eta ekonomiaren ageriko eraginak, agian, alde batera utzi ditu hasiera batean ezarritako helburuak. Garai bakoitzak bere ezaugarriak dauzka, baita gaur egungoak ere, eta badirudi geroz eta zailagoa izango dela herri, kultura, estetika eta lengoaia baten arteko harreman ezartzea, baina horrek ez du zertan negatiboa izan. Denborarekin, guztiak bere lekua hartuko du, egun hauetan Okendo kultur etxean aurkezten zaizkigun zazpi artistekin batera.