Abesti hauek Nick Cave & The Bad Seeds taldearen Nocturama diskotik hartu ditugu, eta gure begietatik iragazita eskaintzen dizkizuegu», idatzi du musikariak diskoan. Aitorpen umil eta zintzo honek ez du aditzera ematen zein arte zail eta esker txarrekoa izan ohi den bertsioak egitearena. Nolanahi ere, gehienetan, gutxietsi egiten dugu artistak originala bere larrera ekartzeko egin beharreko sormen eta ausardia ahalegina. Plaza-taldeen sindromea edo... Lehenengo aldia duela aitortu zuen Txuma Murugarrenek disko aurkezpenaren ondorengo elkarrizketa batean, eta behin hasita, ze hoberik bertsiogilearen gailurrik gorenari heltzea baino: disko oso bat, goitik behera, berrirakurtzea. Bikaina erronka, benetan, eta, lehenik eta behin, eskertzekoa hartutako arriskua, bertigo apur bat baino gehiago eman behar baitu Nick Caveren Nocturamarekin (2003) ausartzeak.
Berez, 2014an Izar & Star ziklorako prestatutako eta zenbait aldiz aurrez aurre aurkeztutako lana bada ere, joan den urtean bururatu zitzaien Murugarreni eta Rafa Acevesi, haren bazkide musikal fidelenari, ordukoa disko bilakatzearen ideia. Ohikoak dituen beste konplizeak batu zituzten gero: Oriol Flores, Angel Unzu, Miguel Ramirez... Puskak bildu, Mutrikuko AME estudioan sartu, eta egun bakarrean egin zuten grabazioa... eta sumatzen da. Hasi eta buka, hari berari eusten baitio lanak, egoskor, eta horrek areagotu egiten du kantuak aurrera joan ahala, diskoari darion sendotasuna.
Sentsazioa da, baina Murugarren eroso dabil, oso eroso, Cave jaunaren larrua jantzita; espanturik gabe, erakustaldirik gabe, su artifizialik gabe, taldeak kantuak aurrera eramaten dituen bitartean, gozo-gozo, orrorik gabe; batzuetan, pianoren eta besteetan baxuaren gidaritzapean, ongi koipetutako motor baten moduan. Eta orduantxe ohartzen zara, abiapuntuak abiapuntu, hau Murugarrenen disko bat dela; beraz, musikariek hitza bete dutela: erdietsi dutela disko-sarrerako asmoa, eta beren begietatik iragazita eskaini dizkigutela kantuok. Magia apur bat egin dute Murugarrenek eta lagunek. Hori bezain sinplea (izugarri konplexua) da disko honen laburpena.
Lan musikalaren kalitateaz gain, nahitaezkoa da lanaren alde literarioa azpimarratzea. Biak ala biak, bai Murugarren zein Cave, kantuen hitzak landu eta, bereziki, zaindu zaleak dira, eta bakoitzak badu bere mundu propioa. Bi mundu horiek, ordea, ez dute talka egiten, batu egiten dira, eta horretarako giltzarrietako bat izan da lehenengoak Nocturama-ren (Cave jaunaren) giroa, mundua euskaratzeko eta bereganatzeko egin behar izan duen lana; itzulpen soiletik harantzago jotzen duena. Bikaina, zein ongi entzuten diren euskaraz kantuok. Zein lan ona egin duen Txumak.
Gozamena da horrelako proposamen heldu, landu, kalitatezkoak dastatzea, modaren eta jendearen apeten joan-etorriei bizkar ematen dietenak, handinahikeriarik gabe, itxuragabekeriarik gabe. Ziur naiz hamar urtera disko hau entzun, eta ez duela galduko une honetako indar zipitzik. Egingo al dugu apustu?
Txuma Murugarren. 'Gautegia'
Itxuragabekeriarik gabe
Diskoetxea: Gaztelupeko Hotsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu