Kritika. Artea

Itxitasunaz

Izenbururik gabe (munstroak) serieko lan bat. BERRIA.
2012ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Marina Nuñez

Non: Marzana Espazioa (Bilbo) Noiz arte: 2012ko martxoaren 9ra arte.

Kartzela guztiek ez dituzte burdinazko barroteak. Badira gure inguru hurbilenean hain agerikoak ez diren kartzelak ere. Bereziki atsegin ditut testuinguru baten itxitasunaz —izan daiteke etxea, izan daiteke gorputza— aritzen diren pelikulak, zeintzuetan filmeko haria hormen edo azalaren barruan itotzen den. Telmo Esnal eta Asier Altunaren Aupa Etxebeste pelikulan, Patricio eta familia sosik gabe geratuko dira, eta Marbellan pasatu beharreko oporraldia etxe barruan emango dute. Pertsianak eta ateak itxi-itxita, garrantzitsuena da barruko infernua beste aldean ez antzematea, itxurak ongi egitea. Irten ezinezko istorioez ari bagara, saihetsezina da Luis Buñuelen El ángel exterminador pelikula. Burges kuadrilla bat afari ponpoxo batera gonbidatzen dute, eta mahaikideak afalostean ezin direla jangelatik irten konturatzen dira, nahiz eta ez dagoen agerian irtetea debekatzen duenik eta ateak zabalik dauden. Mantel zuria zikintzen da, luxuzko baxera apurtzen da, eta burges usadio onak, kontrolpeko koreografiak, mugimendu dantesko bihurtzen dira.

Tankerakoa gertatzen da, New Yorkeko apartamentu bateko gaurkotasunean, Roman Polanski zuzendariaren Carnage pelikulan ere. Bi bikote beren semeen borrokari konponbidea eman nahian elkartzen dira, eta, konpondu ezinean, hiritar eredugarri horien portaera, etxearen eta gorputzen apaindura neurtuekin batera, guztiz desfasatzen da. Francis Bacon pintorea aipatzen dute neurri ezintasunaren abisu lez, botaka egingo du emakumeak alfonbraren gainean. Korapiloa gero eta handiagoa da. Carnage-k ordena hertsiak kaosarekin duen esteka bereziki ongi adierazten du, zentzudunaren eta zoroaren arteko gertutasuna.

Eta espazio hertsiek sortzen duten klaustrofobiatik, eztandaren gertutasunetik, Marina Nuñezen unibertsoari buruz jardungo dugu, Nuñezek ere gainezka egiten duten gorputzen errealitatea irudikatzen baitu, itxitasunari egokitzen ez zaizkien pertsonaien istorioa. Nuñezek, gehienetan, bere protagonistak testuinguru beltzean kokatzen ditu, eta halaxe egin du azken lanetan ere, Bilboko Marzana espazioan ikusgai ditugun horietan. Anatomia atlasen, beldurrezko ipuinen eta zientzia fikziozko literaturaren zale izaki, bizitzaren munstrokeria marrazten eman ditu Nuñezek azken urteak, olioz, arkatzez, bideoz, zein ordenagailuz; hala, munstroaren, ezberdin denaren lekua aldarrikatzen du. Esaten du hitz egiten duela ezberdintasunaz, arauetatik kanpo dagoenaz, izaki aberranteez.

Bere lan zaharragoekin alderatuz Nuñezen azken lanetan antzeman daitezkeen bi aldaketa nabarmendu nahi nituzke: alde batetik, emakumearen ikonografiak galdu duen presentzia, eta, beste alde batetik, teknologia berriek irabazi dutena. Nuñezen irudietan, pertsona izaten da figura zentrala, baina pertsona hori emakumezkoa izatetik genero zehatzik gabeko humanoide izatera pasatu da. Betiere, nahiz genero erreferentzia zuzenik ez egin, feminismoaren zenbait jarreratatik gertu uler genezake Nuñezen egitekoa. Donna Haraway edo Judith Butlerren teorien haritik, identitatearen ugaritasun eta etengabeko aldaketen aldarrikapena subjektu forma berriak sortzeko grinarekin batzen da.

Garezurra da nagusi Marzanako erakusgela txikian; buruak, behin eta berriro errepikatuak, barreiatuak, apurtuak, ustiatuak… barne edo kanpo indarren ondorioz itxuraldatu egiten dira, etorkizuneko izaki likido eta lerdetsu bilakatuz.

Eraldaketa horretan, hiru fase ikusi ditugu: lehena, infografiena, eztandaren fasea da, azalaren limiteak apurtzen direnekoa; bigarrena, tragedia eta gero datorren katarsia da, jaiotza; eta hirugarrena, olioz zehatz-mehatz margotutako subjektu berriaren gorpuztea litzateke. Subjektu berri horiek gogora ekartzen dizkigute eskultura heleniarreko buruak eta natura hilen generoa, baina, sinbolo eta egiteko modu zaharrak gogorarazi arren, figurek sekulako itxura futurista dute. Etorkizuneko munstro horiek izateko iluna iragartzen dute, eskurik, hankarik, kolorerik… gabeko pertsonon etorkizuna. Erreplikante berriak burua eta masa informe bat besterik ez dira, eta, hala, panorama gris horren aurrean jartzen gaitu Nuñezek. Eta hala, itxitasunak, etxe eta gorputz zerratuek, duten arriskua ez ezik, likidoa eta formarik gabea iragartzen den errealitateak duen arriskuaren inguruan ere gogoeta eginarazten digu erakusketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.