'Francesco'
Zuzendaria: Liliana Cavani. Herrialdea: Italia-Alemaniako Errepublika Federala. Urtea: 1989. Iraupena: 105 minutu.
Liliana Cavanik 1966an zuzendu zuen lehendabizikoz Frantzisko Asiskoaren bizitzan oinarritutako filma, eta Valladoliden (Espainia) sari nagusia jaso zuen. 1989an Cannesko sail ofizialean estreinatu zuen Francesco. Bigarren saioa eta behin betikoa izan zen. Kasu hartan, Mickey Rourke aktore amerikar ospetsua aukeratu zuen santua interpretatzeko. Asisen bizitza mila aldiz moldatu dute zinemarako;Rossellinik 1950ean zuzendu zuen Francesco giullare di Dio filma, eta Michael Curtiz Casablanca mitoaren egileak ere bere ikuspuntua eman nahi izan zuen 60ko hamarkadan. Testuinguru hartan beste bertsio bat egitea alferrikakoa izango zela pentsatuko zuketen askok, baina film hunkigarria eta indartsua da. Argi esateko, Cavaniren Francesco zoragarria da. Emozioetan bete-betean eragiten du eta Frantziskoren espiritua transmititzea lortzen du. Pelikula ikusi ostean beste era batera hauteman dezakezu zure ingurua, baina tamalez oso jende gutxik dauka Frantziskoren irakaspenei jarraitzeko bezainbeste adore eta kemen. Pobrezia, kastitatea eta maitasuna, horixe zen praktikan jarri zuen bizimodua, eta Elizako ordezkariek erotzat hartu zuten. Ezinezkoa baita pertsona batentzat ebanjelioaren arabera bizi ahal izatea. Zinismoaren eta eszeptizismoaren aurkako mezu itxaropentsu eta kitzikagarria helarazten dio kontsumismoaren erresuman nora ezean aurkitzen den orori. Gainera, Erdi Aroko pertsonaia izan arren, gaurkotasunarekin lotura zuzena du. Egun Frantzisko bezalako santu bat jaioko balitz, katez aldatuko genuke ziurrenik. Bekatuaren hirian bizi garenok ez dugu eskale edo ero batek esateko daukana entzun nahi. Norberaren desira da axola duen bakarra, hori da egun indarrean dagoen diktadura.
Kritika. Zinebi jaialdia
Itxaropena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu