KRITIKA. Antzerkia

Itsasorantz umezurtz

Agus Perez.
2018ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun

'Deshakesperazioa'

Konpainia: Karrika. Egilea: Jose Martin Urrutia Txotxe. Zuzendaritza: Jose Martin Urrutia Txotxe, Ana Tere Maestro, Eunate Zarrabeitia, Manolo Murillo. Musikariak: Bartolome Ertzilla kontserbatorioko partaideak. Eszenografia eta jantziak: Karrika antzerki taldea.Lekua: Debako Aldats pilotalekua.Eguna: Maiatzak 26.

Itsasorantz umezurtz, arima galduak bezala, doaz gure ametsak, pasadizoak, ipuin kontaezinak, hitz jarioak, proklamak, diskurtsoak, eskutitz bukatugabeak, inoiz ikasi ez ditugun otoitzak, izunak, desioak... Gauero botatzen dituzue, eta hor joaten dira errekatik, norbaitek batuko dituen esperantzarekin».

Errekan behera doazen bizitza apurren irudi ederra Jose Martin Urrutia Txotxe-ren Ametsen faktoria antzezlanari dagokio, eta orain, bera hil eta hilabete eskas batzuetara, bere esangura osoa hartu du gu guztiongan. Are gehiago lan honetarako —Deshakesperazioa— berreskuratu zituelako, hanka-paluen gainean dabilen pertsonaiaren ahotan jartzeko, era horretan atea irekiz XVII. mendeko Londresko merkatu bateko giro bizi, koloretsu eta zoragarriari.

Baina Portugalgo mahastietatik Londresera ekarritako ardoa ez da zehatz-mehatz urardotua izan, edabe batekin nahastua baizik, eta azokako guztiek pitxarretik edan ostean haluzinazioen munduan sartuko dira, ikusleak beraiekin eramanez. Bide horretatik, pertsonaia bakoitzaren asmoak eta nahiak azalera irtengo dira, amodio pasionatuak izan zein instintu hiltzaileak izan, Shakespeareren idazkietan ohikoa zen moduan. Izan ere, azoka erdiko harategian William bera ikusiko dugu, orriak eta orriak eldarnio betean idazten eta bere lumatik sortzen diren pertsonaiei bizitza ematen.

Horrela izanik, Lady Macbeth aseezina, Shylock merkataria, Puck iratxoa, Hamlet zalantzatia, Olivia tormentatua, Duncan erregea eta beste hainbeste arketipo ezagunen kontakizunak gurutzatuko dira azoka hartako salerosle arruntekin. Hala ere, Elgoibarko antzerkigilearen irudimen agortezinean beste era batean ikusi ditugu haiek guztiak, jatorrizko komedia eta tragedia handiak elkarlotu, josi, itxuraldatu, gure kantetan bildu eta mihise eszeniko aberats bihurtuta. Horretarako, jakina, Txotxeren altzoan urte askoan ibilitako antzezle konpainia militantea behar zen, eta despedidako emanaldi honetan beren mailarik onena eman dute haiek guztiek. Gainera, esan beharra dago bereziki politak izan direla jantziak, ondo asmatua eszenografiaren diseinua, eta suabeak bezain alaiak koloreak. Bestetik, eszenan bertan egon diren hamaika musikari gazteek—zazpi biolin, biola bat eta hiru txelo— berotasun handia eta dotorezia nabarmena eman diote ikuskizunari, Haendel eta Eskandinaviako jai-musika finezia handiz interpretatuz.

Amaitutakoan, Debako Goaz! antzerki taldeak —beraiek antolatzen dute Debako Antzerki Astea, eta aurtengoa XXXII. aldia da— omenaldi antzeztu bat eskaini diote Txotxeri, haien zuzendaria ere izan zelako, beste talde batzuena —Taupada, Ekekei...— izan zen legez. Adiorik ez, Txotxe: sortu zinen enbor beretik beste asko sortu dira zuri esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.