KRITIKA. Antzerkia

Itsasoa isildu zenekoa

Agus Perez.
2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun

'N.E.V.E.R.M.O.R.E.'

Ideia eta sorkuntza: Chevere. Dramaturgia eta zuzendaritza: Xron. Eszenografia: Carlos Alonso. Argiak: Fidel Vazquez. Jantziak: Uxia P. Vaello. Antzezleak: Manuel Cortes, Borja Fernandez, Monica Garcia, Miguel de Lira, Patricia de Lorenzo, Arantza Villar. Lekua: Barakaldo antzokia. Eguna: apirilak 2.

Lekukoek diotenez, itsasoa isildu zen Prestige petrolio-ontziko txapapotea itsasertzera heldu zenean. Hondamendi hartatik hogei urte beteko dira aurtengo azaroan, eta Galiziako Chevere konpainiak antzerki dokumentaleko lan eredugarri bat prestatu du gertakizuna gogoratzeko.

Agertokiaren behegaina koltxoiz eta kuxinez estalita agertu da, haiekin gogoratuz Costa da Mortera hurbildu ziren milaka boluntarioen presentzia eta lan eskerga. Eszenako atzealde zuria haien buzo apurtu eta zikinduekin osatu da, eta pantaila horren gainean proiektatu dira kontakizun hutsa gogoeta bihurtzeko behar ziren datuak eta esaldiak, era neurtuan betiere, inoiz ez protagonismoa kenduz taula gainean gertatzen zenari.

Antzerki dokumentalaren esparruan egonik, gehiegizko narratibotasuna izan zitekeen lan eszenikoaren arerioa, baina konpainiak abilezia handiz eta menpean dituen baliabide artistikoez egin dio aurre balizko arazoari. Emanaldiaren lehen erdian Costa da Morteko zenbait bizilagunen testigantzak jaso dituzte, aktore bakoitzak bi planotan banatzen zuela bere jarduna: bera antzezle bezala eta gorpuztu behar zuen lekukoarena. Zinez txundigarriak egin zaizkigu haien guztien antzezpenak —eta dokumentazio-lan ikaragarrian oinarritutako lekukotzak, noski—, baina onena izan da alboko mahai luze batetik egiten zirela adierazpenak girotzeko behar ziren soinu-efektu guztiak, haietan paratutako artisau-dispositibo eta tramankulu txiki askoren laguntzaz.

Hasierako eszenan kiroldegiko koltxoien atzean zeuden euritako beltzak tramoiako barra batetik eskegita desagertu dira, eta bigarren atalean jakin dugu abendu hartako hasieran Santiagon izandako euritako beltzen martxa handia irudikatzen zutela. Bide beretik, argitasun osoz desmuntatu dituzte garai hartan loratu ziren faltsukeriak, hala nola PPk Galizian nagusitasuna gorde izana —ez behintzat Costa da Morten— eta galiziar ororen otzantasuna, Peche de Laxe izeneko itxialdi sonatua edota Burla Negra protesta-mugimendua lekuko.

Bigarren zatia are interesgarriagoa egin zaigu, han lehen eskutik balitz bezala ezagutu baititugu Prestige-ren azken orduak, eskifaiaren erreskatea eta hondoratzea, lehen esandako soinu-efektu bikainei esker eta mikrofonoen erabilera berezia lagun. Adierazgarriak, benetan, lehen lerroan egon zirenen larritasun-elkarrizketak —kapitaina, atoi-ontzia, helikopteroa, kontrol-basea...—, eta are adierazgarriagoa erantzukizun politikoa zutenen arduragabekeria! Zaila egin zaigu haien zinismo neurrigabea irenstea, eta antzezleek bitan gutxienez argitu behar izan digute arduradun politikoen benetako adierazpenak zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.