'Norusta'
Artista: Erlea Maneros. Non: Donostiako San Telmo museoa. Noiz arte: Urtarrilaren 10era arte.Azken urteetan, San Telmok bere bilduma egungo arte praktikaren bidez osatzeko hautua egin du, instituzioaren beraren inguruko hausnarketa abiapuntutzat hartuz eta, era berean, bertako ekoizpen artistikoari ere bultzada emanez. Horretarako, programa jakin bat garatu du, eta aurrera eramaten dihardu: Museo Bikoitza. Urtebetean artista batek, museoa abiapuntutzat hartuz, proiektu bat garatu, hura banako erakusketa batean aurkeztu eta jarraian bildumaren zati bilakatzea da programaren helburua. Eta horren ezaugarrietariko bat zera da, parte hartzen duen artistak berak erabakitzen duela lekukoa nori pasatu. Eta testigua Erlea Manerosen eskuetara iritsi da. Ikerketa eta ekoizte faseak burututa, Norusta erakusketa aurkeztu du.
Hiru ardatzeko proiektua da, bai kontzeptualki eta baita espazialki ere. Batetik, instituzioa dago, San Telmo museoa eta museoaren alderdi ezberdinak, izaera etnografikoa duen bilduma eta arte plastikoena. Bestetik, natura dago, gure gorputzak inguratzen dituen kanpo espazioaren presentzia; begiek behatu, gorputzek sentitu eta hainbat tresna eta teknologiaren bidez gainazal anitzetan atzitzen saiatzen garen hori. Eta, azkenik, pertsonala dena, norbanakoa, bakarra eta errepikagaitza den hori. Kasu honetan, Erlea Maneros bera.
Erakusketaren espazioan ere eremu horiek bereizirik ageri dira, era berean elkarrekin erlazionatuta dauden arren. Atetik sartu eta bildumaren zati den litografia batek egiten du harrera, museoaren inguruko metadiskurtsoa ekartzeko ahalegina egiten duen horma itxurako egitura baten erdian txertaturik. Hala baino gehiago, errekurtso estetiko gisara hobeki funtzionatzen duen inpresioa dut, ordea.
Pedro Perez de Castrorena da grabatua, XIX. mendekoa. Paisaia erromantikoa da; Lekeitio inguruko itsasertza eta itsaslabarrak dira, lur gainetiko begiradapekoak. Litografiaz bestalde, perspektiba aldaketa bat proposatzen du artistak. Bilduma barnetik, naturaren basatasunaren erdira garamatza, jomuga itsasertz bera dugularik, Lekeitioko itsasbazterretik aldendu gabe. Orain, ordea, oinak uretan sartu ditugu, Kantauri itsasoan. Eta erromantizismoaren subjektibotasunaren aurrean, bestelako ikuspuntua eskaintzen zaigu, ikuspuntu zientifikoagoa, arrazionalagoa, edo, argazkiez gainera, zenbakiz eta trazuz beteriko bitakora orri eta mapez ere osatutakoa. Jakintza unibertsala, ordea, lokalarekin uztartzen da bertan, toponimia izenek zenbakiek ahalbidetzen ez duten gertutasuna eskaintzen baitute.
Eta begirada itsaslabarretan pausaturik dugula, hankak ere bertara, lurrera mugiarazten dizkigu atzera. Itsasoak gurekin dirau, ordea, bai eta San Telmoko bildumak berak ere. Eta horiekiko loturan eremu pertsonala gehitzen zaigu, pixkanaka geruzen eta erakusketaren irakurketaren konplexutasun maila areagotuz. Beste objektu bat da aurkezten zaiguna, beste ustezko museoaren hormetako batean esekia, harrera egiten duen litografia bera bezala. Irudikapen bat da hau ere, ez da objektu erreala, eta beiraz babesturik dago. Manerosen familiako objektu pertsonala da; edo pertsonala zen. Proiektu honen barruan, bere izaera aldatu eta, egun, objektu publiko bilakatu baita, museoko hormak zeharkatu eta bere bildumaren parte izatera pasatuta. Berriz ere, eremu eta geruzen arteko etengabeko dantzan gabiltza.
Orkatz baten adarraren punta da. Adarraren argazki bat. Itsasora garamatzan adarra. Badirudi antzina arrantzaleek erabiltzen zuten tresna dela. Lekeitioko kostan ere, beraz, izango ziren horrelako mordoxka bat. Ondorengo aretoan proiektaturik dagoen bideoaren sarrera gisara funtzionatzen du argazkiak; hala, litografiak ere betetzen duen papera berriro hartzen du atzera. Erakusketako piezarik interesgarriena izan daiteke azken hau. Bertan, adarraren ikuspegi ezberdinak hura erabil zezaketen gorputzen ahoetatik irtendako hitzekin tartekatzen dira. Lekeitiarren hitzak dira. Eta, pixkanaka, Manerosek erakusketan gorpuztea lortzen duen geruzen arteko zurrunbiloa eta loturak geroz eta sakonagoak, geroz eta osatuagoak bilakatzen doaz. Hitzek, hitz huts izan beharrean, orkatzaren adarraren argazkiaren dimentsio bera hartzen dute, dimentsio estetikoa, kontenplatiboa, haien esanahiak ulertzen ez ditugun arren, gure begietara eder eta erakargarri bilakatzen dira, erakusketaren titulua bera bezalatsu: Norusta. Itsasotik euria dakarren haizea omen.
Honela, erakusketa hau haize hutsa izanik, orain euriaren zain gelditu beharra dugu; alegia, Manerosen lanaren bigarren zatiaren zain. Hemen aurkeztutakoa haren proiektuaren osotasunaren lehen zatia besterik ez omen da eta.