'Un amor'
Zuzendaria: Isabel Coixet. Aktoreak: Laia Costa, Hovik Keuchkerian, Hugo Silva, Luis Bermejo. Herrialdeak: Espainia. Iraupena: 129 minutu.
Lehendik jakina da Laia Costa aktore kataluniarra abila dela oso bere lanean. Sara Mesaren eleberria zinemara eramateko orduan, argi zegoen hautu ezin hobea zela Nat aukeratzea rol protagonistarako. Eta, bai, Costak interpretazio aparta egiten du Un amor filmean. Hori auzitan jartzea zaila dirudi.
Herri txiki batera joan da bizitzera Nat itzultzailea. Baina alokatu duen etxea ez dago oso egoera onean. Itoginak ditu, gainera. Itogin gehiago ez izateko, teilatua konpondu behar. Eta bizilagun bat joango zaio teilatua konpontzeko eskaintzarekin. Eskaintza horren barnean, beste zerbait eskatzen dio, ordea, bizilagunak Nati. Horrela hasiko da bien arteko harremana.
Natek alokatutako etxeko itogin literalez gain, ordea, filmak bere hastapenetik baditu bestelako itogin batzuk ere. Kontua ez da soilik istorioko pertsonaia batzuk guztiz jasangaitzak direla —hori ere bada, baina ez da hori bakarrik—. Kontua da pelikularen lehen uneetan, hainbat aktore gidoiko esaldiak jaurtitzen ageri direla, halako istorio batek beharko lukeen sinesgarritasuna eman gabe. Salbatzen da Costaren pertsonaia, sentimenduz betetako bere begiradarekin. Baina beste hainbat eszenatan, behartuegi suertatzen dira elkarrizketak. Isabel Coixeten beste film batzuetan elkarrizketak naturalago agertu izan dira, eta, nahiz eta Un amor ikus-entzule askoren gustukoa izan daitekeen, horrek ez du esan nahi pelikulak bete-betean asmatzen duenik. Are gehiago, herri txiki horretako itoginak ezin dira estali txantxa batekin edo txakur sufritu maitagarri batekin.
Filmak izan dezakeen punturik interesgarrienetako bat emakumeen desiraren gaineko hausnarketa da. Hor badu indargune bat pelikulak, sendo samarra. Baina beste estalpe askotatik ura joaten zaio, ez baita beti erraza liburu on batekin bere neurriko pelikula bat egitea.