Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Ispiluarekin jolasean

Gontzal Agote.
2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun

'Entre dos aguas'



Zuzendaria: Isaki Lacuesta. Aktoreak: Israel Gomez Romero, Francisco Jose Gomez Romero. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 136 minutu.

Lehenengo jolasa. Isaki Lacuestak hainbat pertsonaia berreskuratu ditu duela hamabi urte egin zuen La leyenda del tiempo harrigarritik. Orduko irudiak erabilita, bi lanen arteko zubi sotil bat eraiki du, segida bat egin nahi izan gabe. Nolanahi ere, Entre dos aguas-en oso presente dago zein den jatorria, eta horrek areago aberasten du film berria.

Bigarrena. Aurrekoarekin lotuta, ematen du Linklater izatera jolastu dela Lacuesta. Estatubatuarrak denboraren igarotzea ederki islatu du bere pelikuletan, bai bere trilogia erromatikoan, baita Boyhood handian ere. Hemen ere pertsonaiak nola aldatu diren, ametsak non gelditu diren, eta denboraren joan-etorriak dira nagusi, begirada nostalgikoan erori gabe.

Eta hirugarrena. Zinemaldi berean Oreinak eta Entre dos aguas ikusi izanak jolasten segitzeko aukera polita ematen du. Itxuraz oso desberdinak dira bi filmok, baina kidetasun interesgarriak dituzte, eta, elkarren aurrean jarrita, argigarria da sortzen den irudia: geografia eta pertsonaia periferikoak, padura, inguruari uretatik begiratzea, uretako lan sasiklandestinoak, trenak, transitoak...

Jolasak jolas, Isaki Lacuestak film bikaina egin du berriro ere. Fikzioaren eta dokumentalaren arteko mugak guztiz lausotuta, Espainiaren erretratu ozpin eta errealista bat egin du. Ikusi nahi duenarentzat, fikziotik urrun dago bere errealitate gordina.

Horretarako, iraganera lotu behar izan du istorioa, etorkizun argirik ez baita ikusten belauniko jartzera behartzen duen lokatz artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.