Kritika. Zinema

Isiltasunaren soinua

Gontzal Agote.
2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
'The Artist'

Zuzendaria: Michel Hazanavicious. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2011. Iraupena: 100 minutu.

Alan Croslanden The Jazz Singer ez da egundoko pelikula, baina zinemaren historia guztietan agertzen den izenburua da, letra larriz. 1927an Al Johnson protagonista zuen istorioan Vitaphone sistema komertzialki lehen aldiz erabili zuten; horren eraginez, pertsonaien ahotsak eta kantuak irudiarekin modu sinkronizatuan entzuteko aukera zegoen. Sistema berriak iraultza eragin eta zinema mutuaren amaieraren hastapena izan zen.

Gaur egunera ailegatu den herri kondairak dioenez, talkies delakoen jaiotzarekin zinema mutuko izar askok arazo larriak izan zituzten beren posizioari eusteko. Batzuek ez zutelako jakin soinuak eskatzen zuen ezaugarri berrietara egokitzen; beste batzuek, berriz, moda iragankorra izanen zen ustetan, sistema berria mesprezatu zutelako. Errealitatea ez zen horren sinplea izan, baina, hortik tiraka, Michel Hazanaviciousek bere The Artist harrigarria egin du, garai horietarako begirada samurra.

Azken hamarkadotan zinemaren hastapeneko urte horiei omenaldi franko egin izan zaizkio, horietako batzuk maila handikoak. Bakar batzuk aipatzearren, The Purple Rose of Cairo (Woody Allen, 1985), Good Morning, Babylon (Paolo eta Vittorio Tavanni, 1986); Ed Wood (Tim Burton, 1994) edota Gods and Monsters (Bill Condon, 1998). Horietatik guztietatik diferentea da zuzendari frantziarrak egin duen hautua; apustu ausarta izan da, baina ongi atera zaio.

Azala eta mamiaren arteko sinbiosia bilatu du The Artist-ek, horretarako muturreko bidea erabiliz: zuri-beltzeko filma—hori, berez, ez da horren apartekoa— eta mutua —etengabeko musikaren presentzia izan ezik—. Hazanaviciusek ez du inor engainatu nahi, eta argi utziko dio ikusleari irudikapen baten aurrean dagoela, XXI. mendeko hasieratik iragan mendeari egiten zaion berrikuste bat dela berea, alegia. Alde horretatik, soberan leudeke alde tekniko zein narratibotik filmak duen egiazkotasun maila edo hartu dituen lizentzien inguruko eztabaida antzuak.

Bestela gozatu behar da The Artist, Singin´ in the Rain-en senide bihurria izango balitz bezala. Eta gozatu bere interpretazio exageratuekin, istorioaren zentzugabekeriarekin, eta konplexurik gabe geure burua 1927 idealizatu batean murgildu. Ahaztu gabe, komunikazio eta modernotasunaren inguruko gogoeta ezin garaikideagoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.