'Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna'

Isildutako historia, agertokira

Egilea: Iñigo Aranbarri. Argitaletxea: Pamiela.

2016ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Albisteak su-garrak olio gainean bezain arin dabiltzala? Ez, injustizia da zaharra». Iñigo Aranbarrik (Azkoitia, 1963) Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna (Pamiela, 2016) liburuan aipatzen duen injustizia zahar horrek soka luzea du; hala nola bere jaioterrian 1766ko apirilaren 14an emandako matxinadaren su-garrak piztu baitzituen, jauntxoek artoaren eta gariaren prezioekin espekulatu ondoren gosearen aho beltzak akuilatuta, edo Chiapasen matxinada zapatista, edota Parisen banlieuak sutan jarri Bouna Traore eta Zyed Benna gazteen heriotzaren ondoren. Injustiziek, eta goseak batez ere, nonahi piztu baitezakete arloteen —racaille azken finean Sarkozyren hitzetan— garrasi ez-otzana.

Aranbarrik nagusiki kronika historikoa paratu badu ere, Peñaflorida Kondearen El Borracho burlado antzezlanaren karira arlotearen eredu nagusi bihurtu nahi izan zuten Txanton Garroterekin gauzatutako elkarrizketa fikzionatua tartekatuz, narrazioa historikoaren ildo nagusian etengabeko digresioak txertatu ditu, batzuk beste batzuk baino hobeto ekarriak. Beste edozein idazleren esku monotoniaz blai aurkeztu zitekeen gaia jorratzean maisuki eusten dio tentsio narratiboari, narrazioa zirraragarri bihurtzeko eta maila ezberdinetara eramateko duen gaitasun paregabea erakusten baitu azkoitiarrak, betiere oso berea duen estiloa landuz. Haren estiloak ez du zerikusirik bolo-bolo dabilen estilo estandar hitsarekin; azkoitiarrarentzat hitz bakoitzak berebiziko presentzia eta pisua du, paregabea da lexikoaren erabilera adimentsua, estilo zaildua, ederra, geometrikoa, perpausaren konplexutasuna mugetara eramanez.

Arestian esan bezala,apirilaren 14 batean jaitsi zen Txanton Garrote agertokitik, Peñaflorida konde ustez ilustratuak bi urte lehenago arlote mozkortiaren rolean jokatzera igo baitzuen agertokira Txanton, euskaraz eta gaztelaniaz idatzi lehen opera. Egun horretan bertan,Espainiako errege Karlos III.aren Pragmatika batek indarrean jarritako zenbait neurriren ondorioz, gariaren eta artoaren prezioaren espekulatzeko bide emanda, Azkoitiko zenbait maizterrek matxinada piztu zuten eta jauntxoak behartu prezioa jaistera eta beldurraren eraginez hitzarmen bat sinatzera. Ondorengo errepresioak ez zuen klase gorenen aurkako atrebentzia onartuko. Aranbarri Txantoni mintzo zaio. «Ez zenuten ba pentsatuko besoak antxumatuta geratuko zirenik?». Jauntxoen mendekua ez zen beso-motz geratuko. Mendeku goseak gosea isildu zuen.

Eranskin gisara, Gabriel Aresti poetaren Intxaustin poema ekarriko du narrazioaren harira Aranbarrik, Rikardo Arregi adiskideari zuzendutakoa alegia, «…Hala eta/ guztiz ere/ leihotik/ ikusten dudan/ herriarekin/ egiten naiz/ geratu». Aranbarrik ere, literatura gardenerako begi zorrotza agertuz, herriaren aldeko hautu nabarmena egingo du eta matxino guztien alde jarriko, historian zehar errepikatu diren injustiziak izendatuz. «Eta jendaila hau, racaille hau, gosea, espekulazioa, lurraren banaketa injustua, hautagaien sistema baztertzailea, medikuak soilik aberatsentzat direla salatzen duen herri narras hau errukirik gabe adjektibitatu behar da…».

Nobela historiko txatxuak modan jarri diren honetan, eskertzekoa da Aranbarriren talentuahistoria isilduak oihartzun izan dezan. Bere herriko arlote matxinoei eman die bozgorailu, baita zeuri ere, Txanton barregarri hori, azken finean, denok baikara Txanton, ezta Txanton?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.