'Linbotarrak'

Iruditeriaren hauspoaz haraindi

Egilea: Asier Serrano. Argitaletxea: Pamiela.

2016ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Asier Serranok (Eibar, 1975) surrealismoaren sarerik gabeko bidezidor epatantea zeharkatu du, poesiak berak jaurti itzulerako kolperik jasotzeko beldurrik gabe, idazle adoretsuek egin ohi duten gisara, Linbotarrak bere azken entrega poetikoa ontzeko. Iruditeria ahalmentsu eta ustekabeko baten jabe, Serranok idazketa kasik automatikoaren nondik norakoak ondo baino hobeto menperatzen dituela, besteak beste, erakusten du oraingo honetan. Zeruko aingeruak edo linbo ezkutu batean alderrai dabiltzan pertsonaiak hizpide izango dituela tituluan iradoki arren, lurreko kontuak jorratzen ditu errealitatetik kanpo, bere mundu errealean, bizi den Serranok.

Lubaki bandako kide ohiak poesia eraldatua proiektatu du Xabier Lete II. Poesia Saria eskuratu duen honetan. Auto-erreferentziaz trufatutako ahapaldi batzuetan bertso lar hermetikoak irakurri daitezkeen arren, iruditeriaz gozatzen duen irakurleak, ni neu kasu, gozatu egingo du Serranoren piroteknia poetikoaz. «Ukabilak estutu ditut/ eta ez dut ez aitzurrik, ez pikotxik, ez palarik behar izan/ gaur ase nauen eskualde ikusezinean/ nire gorpuzkinak lur barik estaltzeko./ Norbaiten egonda/ ez naiz inon egon.», dio, Hiriak galdu zuena poeman. Linborako bidean garen gizakiok surrealismoaren eta ironiaren aukerak ditugu irtenbide, Serranoren aburuz, errealitate jasanezin eta ulergaitzean «bizi» ahal izateko, edo erabat «deslekutzeko». Lacanek «errealitate» deitzen zuen esparru mingarrian edo poesian bertan eraiki eta deseraiki liteke arte poetikoa.

Hala ere, ene aburuz, poemarik narratiboenetan ematen du mailarik gorenena Serranok. Azken funtzioa bezalako poema zirkularrean, esaterako. Horrela mintzo zaigu bizitza antzuaz azken funtzioa eskaintzera, denok irudikatu dugu gure heriotzaren gaineko antzezlana, dramatizatu nahi duen pertsonaia. «Egia unibertsalak esan nahi ditugu/ auzo gezurrak kontatzen ditugunean./ Makabroa izanagatik/ denok buruan daramagun jokoa da/ geure heriotza antzeztearena...». Eta konfesioaren garaian poetak ahotsa etengo du. «Lagun maiteok:/ gaur egun kolosala da Poesiarentzat,/ gaur bizitzari ongietorria emateko/ idazteari utziko diot».

Euskal poesiak azken garaian ohikoa duen gaien uztartzea jorratzen du Serranok, halaber. Besteak beste, errealitate idealizatuaren etsipena, harreman konbentzionalen itogarritasuna, desengainu politikoen depresioa eta abar lantzen baititu. Poema bakoitza autonomoa izan arren, badago guztiak harilkatzen dituen hauspo bat. Errealitatearen eta ilusioaren arteko talkaz eraikitako ezinegon existentziala. Ez alkoholak, ez sexuak, ez maitasunak, ezta poesiak berak ere, asetzerik ez dutena. Poetari kexu ironikoa bakarrik geratuko zaio: unibertsoa, linboa, bikotea, edo errealitate politikoa izan litezke kexu ironikoaren jomuga. Ironiarik gabe ezin baita Serranoren literatura antzeman. «Merezi ez duzun egurra jaso duzu/ gaurko prentsa idatzian./ Zu baino jipoituago atera den/ beste izenen baten bila eman ditut/ goizeko orduak, eta hala ere, periodiko orri kafesnez eta maionesaz zikinduak/ onberak izatea deliberatu ei dute gaur...».

Demasezko idazketa automatikoaz haraindi, Serranok ausardia poetiko itzela agertu du oraingo honetan. Poesiaren funtsa iruditeria harrigarria erabiltzea bakarrik balitz, eta hori ere bada, joko poetiko antzuan eroriko litzateke Serrano, baina talentuak salbatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.