KRITIKA. Artea

Irudien geruzak

Ikus-entzunezkoak eta argazkiak dira Txuspo Poyo artistaren erakusketako oinarri nagusiak. APAINDU.
2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun

'Egunsentiaren aurrean, ilunabarraren aurrean'

Artista: Txuspo Poyo. Non: Iruñeko Apaindu aretoan. Noiz arte: Urriaren 29ra arte.

Konnotazioak aldakorrak izanik, momentu bateko irakurketa denboraren poderioz arrotza edota ulergaitza bihurtu daiteke. Egunsentiarren aurrean, ilunabarraren aurrean du izena Txuspo Poyok Iruñeko Apaindu Espazioan aurkezten duen mostraren izena, eta, nolabait ere, hausnarketa horiekiko ikusizko proposamenak gauzatzen ditu bere ekoizpen artistikoen bitartez. Hainbat piezak osatzen dute erakusketa, eta ikus-entzunezkoak eta argazkiak dira nagusi.

Apaindu espazioan sartu bezain laster aurkezten zaigu Poyoren proposamena. Alabaina, barneratze horretan erakusketari xarma puntu bat ematen dion uztartze bat gauzatzen da: Kuria kaleko soinuak espazioa blaitzen du, eta erakusketa espazioen isiltasun kanonikoa urraturik, lausotu egiten da kalearen eta barrualdearen arteko muga.

Espazio nagusian dauden bi ikus-entzunezko sumatzen dira hasieran, bata bestearen gainean jarritako bi telebistatan ikusgai. Alabaina, interesgarria izango zen ikus-entzunezkook ohikotasunetik aldendutako moduren batean aurkeztu izana. Instalazioak edukiaren ahalmendiskurtsiboa murrizten baitu nolabait.

Goiko ikus-entzunezkoak Estaca de Bareseko Itsasargia aurkezten du: kristalezko kupulatik iluntasunean argia isurtzen du. Motel, geldo, momentu oro erritmo berdina mantenduz. Bi momentu jakin agertzen dira bertan: iluntzea eta egunsentia. Hasiera eta amaiera.

Eta, egunsentiarekiko lotura mantenduz, itsasargiaren azpian aurkezten den bideoan artistak berak Erromako egunsentian filmatutako inurritegi bat aurkezten zaigu. Inurriak ez daude bakarrik: Maral, Gadea, Shirin, Elo, Nati, Javier, Toni… izenak dituzten karteltxoak eramaten dituzte pixkanaka-pixkanaka inurritegiaren barrenetara. Aurreko ikus-entzunezkoaren kontraste prozesuarekiko lokarriak estuturik: argitasuna eta iluntasuna.

Halatan, inguruan argazkiak ditugu. Irudiak arrotzak suertatzen dira, bertan animalia disekatuen irudiak agertzen baitira. Testuinguru jakin baten ondorioak. Izan ere, erlijio ordenek Ameriketan egindako misioetan animalia exotikoei egindako disekzioen emaitzak oinarri hartuz, eskola erlijiosoetan erabilitako diapositiba maximizatuak direlako: tximinoa, kaimana…

Bada, ikasketa eredu baten emaitza zen hura, eta artistak panel kolonial baten moduan aurkezten du. Eta, lehen, hezkuntza prozesu baten eredu zen zerbait, gaur egun kolonizazio prozesu baten froga bihurtzen da. Halaber, gaur egun gure iruditeriatik kanpo daude halako irudiok, baina eskola horietan hezitakoengan mantentzen al dira?

Hausnarketa hari jarraikiz, erakusketaren bigarren espazioan iruditeria arrotza eta deserosoa mugara eramaten duen konposizio bat agertzen da. Kokapenak eta instalazioak ez dio argazkiak berak duen karga sinboliko eta estetikoa bere osotasunean dastatzeko aukerarik ematen bisitariari, baina bertan aurkezten zaiguna kitzikagarria da.

Irudia Love Needs Time to kill ikus-entzunezkoaren fotograma bat da, artistak 2019. urtean egindakoa, hain zuzen. Bertan, gaur egun itxita dagoen eskola erlijioso baten antzoki txiki baten agertokian, XVII. mendeko upategi barroko bat eraikitzen du Poyok. Upategi hori konposatzen dutenak bertan behera geratutako sistema pedagogikoetako hondakinak dira.

Natura hila biltzen duen markoak karga sinbolikoa du, Kodak markari erreferentzia zuzena egiten baitio. Hain zuzen, markaren sortzailea George Eastman izan zelako, XIX. mendean Afrikara egindako espedizioen sustatzaile handienetakoa. Alegia, argazkigintza markaren izaera kolonizatzailea irudiaren beste geruza bat da.

Erakusketak geruzaz geruza aurkezten ditu irudiek eta objektuek izan ditzaketen irakurketen eraldatze prozesu horiek. Hein handi batean, hori baita erakusketan aurkezten diren piezen arteko lokarria. Denborak irudiekiko edota objektuekiko izan genezakeen erlazioa eraldatzen du. Testuinguru batean gurekiko lotura bat izan zezakeen edo hari buruzko irakurketa jakin bat eragin zezakeen gauzei buruzko ikuspuntua kolpez aldatzeko eragin ukaezina du zoriak. Belaunaldiz belaunaldi, aldatu egiten dira testuinguruak, irakurketak, ikuspuntuak eta bestelakoak: eta zerbaitek utzi egin diezaioke orain lehen zen hura izateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.