'Leizeak, irudiaren labirintoak'
Artistak: Henna Nadeem, Javier Arce, Iñaki Grazenea eta Sheena Macrae. Non: Koldo Mitxelena kulturunea, Donostia. Noiz arte: Maiatzaren 26ra arte.
Leizeak, irudiaren labirintoak izenburupean aurkeztu du Donostiako Koldo Mitxelena aretoak bere azken erakusketa. Artearen ikuspegitik irudia tratatzeko orduan abiapuntu eta prozesu ezberdinak erakusten dira bertan, baina guztiaren gainetik badago ideia komun bat: irudiaren erreprodukzioa, berrerabilera eta bilakaera. Ideia horretan oinarritzen dira erakusketan parte hartzen duten lau artistak: Henna Nadeem, Javier Arce, Iñaki Grazenea eta Sheena Macrae.
Henna Nadeem ingelesak paisaia liburu klasikoetatik hartutako irudi turistiko eta erromantikoak erreproduzitzen ditu, eta joko bat planteatzen du horien artean. Aurkeztutako pintura bakoitzean bi paisaia irudi erabiltzen ditu, bata bestearen gainean. Gainaldekoan, digitalki, islamiar kulturatik datozen motiboak dituzten formak mozten ditu, zulo horien bitartez azpialdeko argazkia ikusten dugularik. Ekintza horrek ondorio bitxi bat sortzen du, oinarrizko bi paisaiak galdu eta moztutako forma berri horrek hartzen du garrantzia. Kontzeptualki, ekintza horren bitartez, mendebaldeko kulturan izan den aldaketa adierazi nahi du, gaur egun egitura globalaren inguruan sortu den kultura nahasketa adierazten duelarik, oso argia jada Europako herrialde gehienetan. Nahiz eta lehen begirada batean Nadeemen lanek inozoak diruditen (lanerako prozesuak eta argazkien koloreek aurren mundua eta eskulanak gogorarazten dizkigute), era egoki batean burutuak izan dira. Forma eta koloreen edertasun xalo horren atzean gordeta, kontzeptu indartsu bat lantzen da, eta prozesuaren eta kontzeptuaren arteko kontrajoko horrek interes handiko lanak sortzen ditu.
Javier Arce espainiarrak bi proiektu aurkezten ditu erakusketan. Alde batetik, bere papereko Marruskaduretan Arcek erretuladore beltzak erabiliz artearen historian famatuak diren artelanak erreproduzitzen ditu paper industrial baten gainean. Trazo bertikal eta horizontalak nahasten ditu eskaner batek sortutako irudiak diruditen formak sortu arte. Prozesu horren bitartez, artelan horiek erreprodukzio masiboa dela-eta jasan duten higadura adierazi nahi du. Kontzeptualki, lanak interesgarriak dira, gainera artelanaren garraioa eta merkaturatzea (paper bola bat egin eta zakar poltsetan garraiatu eta saltzen dira) kontsekuenteak dira ideiarekin. Halere, beti egon da artelan horietan gustatu ez zaidan gauza bat: hormako aurkezpena. Artista horren lanak, kontsekuenteak izanik, lurrean eta paper bola bat eginda aurkeztu behar dira, jendeak hartu eta manipula ditzan (lanetako bat horrela aurkeztu da). Zintzilikatuak dauden lanek beren zikintasun hori galtzen dute, zainduegiak dira aurkezten dituzten marruskadurak. Kontzeptuaren eta aurkezpenaren arteko borroka galdu bat antzematen da.
Bestalde, Irudi Sasikoak serieak Arcek berak Top Ten liburuan egindako irudi bilketan du oinarria. Bertan, erabiltzaile anonimoek artista famatuen performanceetan egindako argazkiak biltzen dira, Google, Flickr edo Facebooketik ateratakoak, eta irudi horiekin grabatuak sortzen ditu. Oso prozesu interesgarria aurkezten du, ikusleak eta teknologiak parte hartzen duten artelanaren erreprodukzioaren inguruko begirada berri bat, eta, aldi berean, berak, artista gisa, hori guztia jaso eta berreraikitzen du.
Bideozaintza irudiak dira Iñaki Grazenea hondarribitarraren artelanen oinarria. Bideo kamera horien ezaugarriak (irudi eta koloreen kalitate baxua) bereak egin ditu P/M/P eta Fünf Cams proiektuetan. Internetetik ateratako eta berak grabatutako bideozaintza irudiekin sortutako hainbat pintura lan aurkeztu ditu, bideo-lan batekin batera. Irudien filmaketa, sailkapena eta erreprodukzio amaigabean bizi gara, eta pinturak mugimendu jarrai horretan daukan tokia aztertzen du, bideozaintzaren begirada inpertsonalarekin batera. Grazenearen pintura lanek, oro har, maila bikaina daukate. Bideozaintzako irudiak mihisean inprimatu eta nahasten ditu, horiek gainetik manipulatzen dituelarik. Nabari da aurkeztutako proiektuak ondo landuak izan direla, eta irudi eta pinturaren arteko nahasketa horretan bete-betean asmatu duela esan dezaket. Aspaldi zen plastikoki pintura proiektu batek ez ninduela erakartzen; kasu honetan, Grazeneak lortu du.
Shenna Macrae artista estatubatuarrak zinema eta telebistaren inguruko kultura herrikoia du ardatz, film eta telebista sail ezagunak moztu, eraldatu eta berreraikiz dekonstrukzio prozesu batetik sortutako artelanak aurkezten dizkigularik. Manipulazio prozesu hori da, azken hamarkadan, artista hau nazioarteko aintzatespena lortzera eraman duena, eta horren barruan sailkatzen dira Odyssey eta Alphaville lanak. Prozesu horren bitartez manipulatu dituen filmen ideiak islatzen ditu, alde batetik, Kubricken espazio-denboraren pertzeptzioa, instalazioaren alboetan kokatutako ispiluek proiekzioan eragiten duten mugagabetasun sentsazioari esker; bestetik, sekuentzia beraren amaierarik gabeko proiekzioak Godarten mundu metafora islatzen du. Filmen manipulazioa Macraeren sorkuntzen oinarria bada ere, prozesu hori instalazio eta aurkezpen egokiekin borobiltzen du.
Ez du emaitza bera lortzen aurkeztu duen hirugarren proiektuan: The Projectionist's. Bertan, proiektatzaileek proiektatzen dituzten filmen fotograma batzuk beraientzat gordetzen dituztelako mitoari jarraituz, fotograma bakarren anpliazioak aurkezten ditu. Horren bidez, garapen teknologikoaren ideiaren inguruko gogoeta egin nahi du, digitalizazioak prozesuan estali dituen elementu askeak aurkeztuz. Azken proiektu hori artistaren beste lanekin konparatzen badugu, kontrako bidean ezartzen da, eta agian desberdintasun horrek sortzen du interesa. Halere, ez du beste lanen interesa sortzen.
Artea. Kritika
Irudiaren erraiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu