'Aro beilegia'

Irten arteko hutsunean

Egilea: Lizar Begoña. Argitaletxea: Balea Zuria.

Irati Majuelo.
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun

Balea Zuriak eta Donostia Kulturak hirugarrenez antolatu duten DK Poesia Saria ari da bere bidea ontzen eta fruitu interesgarriak ematen. Lizar Begoña izan da azken deialdiko irabazlea, belaunaldi baten susmoak argitzen dituena bere estraineko lanean.

Izan ere, Aro beilegia-k bizi dugun garaiaren zatitxo bat dakar poema bakoitzean, eta hori du ekarpenik handiena: bi menderen artean jaio den, bizitza ez-teknologikotik teknologikora pasatu den, hazteko orduan galera topatu duen gazte baten begirada. Hasiera-hasieratik adierazten du, Izan nahi nukeen guztiaren saiakera poeman, zein sentipen dituen idazketaren abiapuntu, zein diren belaunaldi honek bizi duen irlen arteko hutsunearen koordenatuak: ardatz ziurrik gabeko ibilera, sakontasunik gabeko ezagutzak dakarren antsietatea, bizitzaren abiada zein intermitentzia, aukera guztiak beti zabalik eduki beharra, izan nahi genukeen guztia eta eduki nahi genukeen guztia. «(...) belaunaldi oso baten jarrera desterratua suma dezaket / aldaketaren ezlekuetan 'izatea' beste erremediorik ez duten / kide ezezagunak garela pentsatzea ez da / ez nire, ez beste inoren asmazioa».

Kritika politiko-soziala lirikotasunez jantzia dakar Begoñak, kontraesanen azaleratze etengabean bere burua salbatzeko inolako ahaleginik egin gabe. Poemaro kokatzen du ni poetikoa eta gu politikoa posizio ezerosoan, pribilegioak ageri-agerian geratzen dira, ez kexatik ez justifikaziotik abiatzen ez den tonu kritikoan. Mundu ezegonkor honen erdian, galderak jaurtitzen ditu idazleak, geziak bailiran, begien parera zuzen bidaliak. Horretarako, ahots desberdinekin jokatzen du, lehenengotik hirugarrenera salto eginez, bigarren pertsona ere indarrez erabiliz, mezua nondik datorren eta norentzat ari den argi adierazteko. Kolpe batez ezartzen du irakurlea eta bere burua errealitatean: «baina / drogak, putak / eta katuak / ez dira zure mundu berekoak, / zuk ez dakizu ezer».

Mezuan dute indar handiena liburu honetako poemek, haatik idazleak ez dio poetikotasunari uko egin. Turismoa, teknologia, berekoikeria edota indiferentziarekiko kezka eta epaiei arnasa ematen dio lirikotasunak, eta hala gordintasun bikoitzez irakurtzen da adierazi nahi duena, estilo garratz eta zinikoz. Hala ere, nabari da estilo horren bilaketan aurkitzen dela idazlea, eta esan beharra baitago, poema laburretan asmatzen duela beteen. Badira ere joera narratiboagoa duten poemak, zeinetan erritmoaren pultsua diluitu egiten den, eta ondorioz, baita zorroztasun bulkada horiek galdu ere. Sentsazioa da zenbaitetan sobera daudela bertso-lerroak, adjektiboak, hasierako edo amaierako atalak.

Alabaina, interesa pizten du oro har Begoñaren lehen lan honek. Isiltasunari bere tokia emanez gero lortuko dituen ahots sendoko poemen zai geratzen gara, beraz, belaunaldi desterratuak egungo garaiaz duen iritziaren esperoan, irlen arteko hutsunean zer topatuko duen ezagutzeko jakin-minez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.