Kritika. Musika

Irribarrearen programa

Marta Garcia
2025eko martxoaren 20a
04:30
Entzun 00:00:0000:00:00

euskadiko orkestra

Zuzendaria: Christoph-Mathias Mueller. Perkusio-jotzailea: Christoph Sietzen. Egitaraua: Abestu Euskadiko Orkestrarekin proiektua, D. Glanerten Perkusio eta orkestrarako kontzertua eta J. Brahmsen 2. sinfonia, op. 73. Lekua: Donostiako Kursaal Auditoriuma. Eguna: Martxoaren 17a.

Euskadiko Orkestrak ekimen parte-hartzaile bereziarekin ireki du azken egunotan Donostiara eta Bilbora ekarri duen programa. Abestu Euskadiko Orkestrarekin proiektuaren bidez, 120 herritar-ahots bildu ditu abesbatzarako errepertorio sinfonikoan ezagunak diren obrak interpretatzeko eta, hala, abeslari ez-profesionalei orkestrarekin aritzeko aukera bakana eskaintzeko. Ilusioa eta konpromisoa gidari, kritikak ez du zentzurik, eta bai horrelako esperientziak errepikatzeko beharra azpimarratzeak.

Ondoren, Europako hiru orkestren enkarguz sortutako obra entzun zen: Detlev Glanerten Perkusio eta orkestrarako kontzertua. Oraingoan, 2024ko estreinaldian aritu ziren zuzendari eta bakarlari berak izan ziren taula gainean, partitura berria guztiz menderatuta. Miaketa tinbriko erakargarria egiten du Glanertek hemen, baita soinu-paleta aberatsa sortu ere. Mugimenduak elkarri lotuta doaz, pertsonaia bakarra hiru bertsiotan aurkeztuz eta bakarlariaren eta orkestraren arteko hartu-emanean intentsitatea eta intimotasuna uztartuz. Kadentzian, soinu-giro bakarrean denbora gehiegi ematen delako sentsazioa sortu daiteke aise; hala ere, obraren egitura koherentea, Sietzeren jardun bikaina eta orkestraren lan fina gailendu ziren, garapen erritmikoan galdu gabe.

Kontzertua Glanertek gehien estimatzen zituen konpositoreetako baten, Johannes Brahmsen, 2. Sinfoniarekin osatu zen. Perkusioaren energiaren ondoren, sinfonia hau blaitzen duten argitasun eta lirikotasunak oso gogamen-egoera desberdinean kokatzen gaitu. Hilabete gutxi batzuetan eta zailtasun handirik gabe idatzi zuen Brahmsek partitura, bere udako oporraldiak eskaintzen zion baretasunean. Mugimenduek askotariko izaera duten ñabardurak dituzten arren, distira dario sinfoniari une oro (tarteka Brahmsena ez dela pentsa genezake ere). Euskadiko Orkestrak eta Muellerren batutak melodia zabal eta beroak organikoki hedatu zituzten, soinu-mailak orekan mantenduz, haizeak samur eta hariak doi. Kontzertuan zehar eta ondoren, irri egiteko mila motibo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.