Artea. Kritika

Ironiaz eta sinpletasunaz

Haizea Barcenilla
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Artea

'Ertibil 2011'

Non: Rekalde aretoan (Bilbo).

Noiz arte: Uztailaren 3a arte.

Sarienak, askotan, ez dira gustura ikusten diren erakusketak. Lanen arteko erlazio falta, nondik nora doazen ez dakiten testuingururik gabeko proposizioak agertzen dira maiz horrelakoetan. Musika klip antza duen bideo batetik eskultura formalista batera salto egiten da segundotan, eta begirada ohitzea kosta daiteke. Baina, bestalde, inguruaren ikuspegi ona eman ohi dute, egun artista gazteek jarraitzen dituzten bideen berri eskainiz. Zentzu horretan, Ertibil da Euskal Herriko artista gazteen lehiaketarik interesgarriena, ikasle (eta ikasle izandako) asko Bilbon bizi direnez, norgehiagoka pluralena baita hau. Ni ere aspergarria ez izatearren, behin bakarrik aipatuko dut hasiera honetan tamalgarria dena, edozein kasutan, Rekalde aretoak pairatzen duen bizi eta programa propioaren falta dela.

Baina itzuli gaitezen artistengana. Nahiko maila altukoa da aurtengo Ertibil, eta batez ere, denetarikoa. Plurala ez bakarrik diziplina hitzari dagokionean, baizik eta gaien eta artearen ikuspegitik ere. Ezin dut saihestu Bizkaiko egunkari batean agertutako artikuluaren sinpletasuna aipatzea, Mickey pareta baten kontra pixa egiten ikusteak idazleari shock bat sorrarazi diola dirudielako, eta lan askoren sakontasuna, ironia eta sorkuntza kapazitatea anekdota merketxo batera laburtzen duelako. Badira erakusketan forma eta esanahiaren arteko erlazioa aztertzen dituzten lanak, testuingurua, paisaia eta giza ohiturak zehazki ikertzen dituztenak, hiri-kultura eta forma estetikoak lotzen dituztenak, giza estrukturei buruz mintzatzen zaizkigunak. Zentzu horretan, nahiko erakusketa aberatsa da Ertibil, eta ez du aspertzen, hori jada meritu nahikotxoa delarik.

Sarien banaketari dagokionez, Alain Urrutiak lehena eramatea ez da sorpresa, garai luze samarra baitarama inguruka, eta airean sumatzen zen loteria horretarako txartel ugari zituela. Katamalo lana, ordea, ez da bere onena, BilbaoArteko azken erakusketa gogora. Oso aipagarria, berriz, bigarren saria, Unai Requejo eta Miriam Isasiren proposamena, umorez eta gogoetaz beteriko Lo dejaron así (Horrela utzi zuten), Mickey eta Minnie Mouse Pekin inguruan bukatu gabeko Disneyworld batean irudikatzen dituena. Disneyren irudi gain-apaindu eta kitsch-a erdizka, abandonaturik, bere barneko errai arkitektoniko magia gabeak ikusteak, bitartean Mickeyk eta Minniek haien eginkizun dibertigarri eta absurdoekin jarraitzen saiatzen diren bitartean, inpresio iraunkorra sortzen du. Musika, Disneyren doinu tipiko topiko moldatua, malenkonia eta tristura barreiatzen du, une oro zentzugabekeria eta aldi berean zentzuz beteriko mezua zabalduz. Eraikitako amets artifizialen dekadentzia agerian uzten dute edan, pixa egin eta desesperatzen diren bi panpinek, haien barre josiei utzi ezinean.

Bideo aipagarriak daude erakusketan; esaterako, Saray Bladesen Action Urban Haiku, Tokioko megapolisa eta intimitatearen bakartasuna alderatzen dituena; Jon Otamendiren Común(tres secciones), inpaktu handiko ikerketa eskultorikoa lortzen duena; edo Maite Leyunek ekartzen duen Crac, zeramikaz egindako skate baten gaineko bidaia motz, hauskor eta ederra. Hunkigarria eta kalkulatutako inozotasunez betea Usoa Fullaondoren My bad, my good collage triptikoa, paisaia, misterioa, ikuskizuna, magia, malenkonia eta kultura popularra moztu eta kolatzen dituena. Collageak, izan ere, azken boladan presentzia nabaria du, abangoardiaren gaineko begirada itxaropentsu (edo etsi?) gisa agertuz, beharbada Hannah Hoechek argazki-muntaiaren bidez lortutako kritika soziala berreskuratzeko asmoz. Juan de la Ricaren lana bide horretatik doala dirudi, patriarkatuaren eta matriarkatuaren inguruko ikuspegi umoretsua eskainiz lau irudi muntaturen bidez.

Oro har, aurtengo piezarik aipagarrienek sinpletasuna dute ezaugarri nagusi, edo behintzat konplikazio eta teknologia berritzaileen tratamendua alde batera utzi eta material sinplez, modu esperimentalez lan egiteko nahia ikusten da. Bideoen kasua da, kalitate tekniko filmikorik apenas duten arren, efektu handiko lanak baitira. Hala da collageetan ere, baita Silvia Ocejo edo Lander Telletxearen margoetan ere, batik bat lehenaren proposamenean, non zuria nagusia eta esanguratsua den. Edo Nadia Barkateren jirafa baten lehen planoko argazkian, sinple, zuzen eta, halaber, indar aipagarrikoa. Are gehiago Edu Hurtadok aurkezten duen estruktura soil eta dotorean, edo Abian Gonzalez Francesen ironiaz beteriko eskulturan, ikurrin bat harrapatu eta umiliatzen duela dirudielarik. Ironia, orobat, Ion Macarenoren kasuan, hiru elementu nagusi elkartzen dituenean: paretaren kontra ezarritako skate arrapala bat; Oteizaren artxibategian aurkitutako torero baten arropen argazkia; eta izenburu bat, Algo me dice que la batalla va a ser fiera. Eta azkenik, ezin ahaztu Diego Vivancoren Mugimendu 3 marrazki-eskultura, ederra, sinplea eta liluragarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.