KRITIKA. Artea

Ironia kritikoa (eta haren beharra)

2017ko irailaren 12a
00:00
Entzun

'Uztailak 38- Urriak 37'

Non: Gasteizeko Artium zentroan. Noiz arte: Irailaren 17ra arte. Artista: Juan Perez Agirregoikoa.

Egutegiaren egunak zeinen garrantzitsuak diren guretzat. Gaur, irailaren 12a adibidez, batzuentzat garrantzitsua izango da, egun honetan jaioak izan zirelako, besteentzat, medikuarenera joan beharko dutelako, beste batzuentzat beste egun normal bat bakarrik izango da, baina beren espazio-denboran kokatzeko balio die, astebururako soilik hiru egun falta direla jakiteko, baina horra hor hilabetearen izena eta zenbakia jakitearen garrantzia; denboraren kontrol nahia. Edo are gehiago, nolabaiteko kontrol politiko soziala ere izan daiteke, gertakizun garrantzitsuenen efemerideak zehatz-mehatz gogorarazteko. Baina ez soilik gogorarazteko, baizik eta baita ospatzeko ere bizi garen gizartearen ardatz garrantzitsua izango balira bezala. Nork ez daki, noiz den Hispanitatearen Eguna? Edo Domu Santu eguna? Eta, lasai, ahaztu bazaizu ere, paretan esekita egon ohi den, edo ordenagailuan gordeta dugun egutegiak gogoraraziko digu...

Uztailak 38, urriak 37. Ez dugu egutegian begiratu beharrik egun horiek fikziozkoak direla ohartarazteko. Uztailak 31 egun ditu, beraz, 7 gehiago gehituta, abuztuaren 7a izan zitekeen uztailaren 38a. Baina uztailaren 38a, bere horretan, ez da existitzen gure Mendebaldeko sistema honetan. Eta gauza bera, urriak 37arekin ere. Artiumeko eskailerak jaitsi ahala, berriz, nolabaiteko ate miragarri bat pasatu, eta egun horiek benetako bilakatzen dira Juan Perez Agirregoikoak Euskal Herrian egindako bananako erakusketarik handienean.

Hemen ez dago inolako efemeriderik, ez da deus ere ospatzen uztailaren 38an eta urriaren 37an. Fikziozko egunak dira, fikziozko mundu batean, eta, horrela, erakusketan ikus daitekeena bera ere, fikziozkoa da. Ala agian ez?

Ironiaren erabilerara maiz jotzen du artistak bere lanei forma emateko garaian, eta, kasu honetan, erakusketaren tituluan bertan jada suma daiteke. Sarrerako testuaren alboan, erakusgelan topatzen den lehenengo lanean, berriz, mezu zuzena, futbol estadio bat izan daitekeenaren harmailetan esekia, jarraitzaileek beren talde kuttuna sutsuki animatzeko egin ohi dituzten pankarta handi horietako batean hau irakur daiteke: «Tout le monde a besoin d'être réeduqué». Estadioa, ordea, hutsik dago ia, esaldia bertan behera, abandonaturik utzi izan balute bezala. Lan probokatzailea da, eta, nahiz eta formalki irakurketa erraza ahalbidetzen duen, —akuarela eta figurazioaren laguntzaz eta oso gertuko kode formalak erabiliz—, artistak bideratzen duen testuinguru ezberdinen nahasketa honek bigarren mailako irakurketa sakonagoak eragiten ditu. Pankartaren azpian, futbol talde baten armarria izan zitekeenaren erdian, Mao-ri erreferentzia egiten dio. Hori dela eta, berriz hezi hitza (réeduqué) ezinbestean, hari lotzen zaio, badirudielako, azken finean, lanak, iraultza baten porrotari eta gehiegikeriei erreferentzia egiten diela.

Pintura lanez gain, zenbait bideo lan ere topa daitezke; aipagarria, Sao Pauoloko Bienalerako 2014an egin zuena, non kapitalismoaren oinarriak San Mateoren Ebanjelioan bilatzen baititu, Pasolinik bere Letra morta/Dear Letter lanean, filmatu gabe utzi zituen zatiak berregitearen bidez.

Juan Perez Agirregoikoak, maiz, bere lanak liburuen bidez argitaratzen ditu, eta, hori keinua egin nahian ziur aski, sarrerako aretoaren erdialdean, bitrina bat dago, eta hainbat ale ikus daitezke kristalaren bestaldean, nahiz eta erakusketarentzat berarentzat ekarpen handia ez izan honako hau; erakustaretoan lotura izan dezakeen lanetatik urrun eta nolabaiteko isolamenduan hautematen baita.

Hala eta guztiz ere, erakusketako artistaren lanetan, ironiaz beteriko kritika sozial bikaina topa daiteke; politika, hezkuntza, ekonomia, erlijioa, filosofia, artea eta prentsa arrosa, guztiak elkarrekin nahastu eta biltzen ditu, inolako konplexu eta arazorik gabe, emaitza guztiz fin eta eraginkorrak lortuz. Ez da fikziozko mundua irudikatzen Perez Agirregoikoaren lanetan, nahiz eta lehenengo begiradan hori iruditu. Irudikatzen eta azpimarratzen dituenak, geure munduan hala nola ezkutuan diharduten mekanismo eta gertaerak dira, zeintzuek, laguntzen duten fikziozko mundu utopiko batean pentsatzen. Bere horretan, arazorik gabe funtziona dezake erakusketak, baina kasu honetan, intentzio osoz, Artium arte zentroaren bildumaren erakusketaren aurreko aretoetan dago kokaturik, eta, horretara sartzeko, ezinbestekoa da Juan Perez Agirregoikoaren banakotik pasatzea. Espezifikoki, Artea eta (artearen) Sisteman (erakusketan) buru-belarri sartu aurretik, hori jazotzen den testuinguru ia osoaren aurkezpena da hemen eskaintzen dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.