'Biharko liburutegi guztiak'
Non: Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.Noiz arte: Ekainaren 1era arte.Koldo Mitxelena Kulturunean inauguratu duten azken erakusketaren izenburua irakurrita (Biharko liburutegi guztiak), erabat zentzuzkoa dirudien proposamen baten aurrean gaudela dirudi. Alegia, liburutegia bihotz gisara duen kulturune batek bere oinarria den instituzio horren inguruko hausnarketa eta gogoeta planteatzen dituela, eta, horretarako, gainera, kulturunean bertan duten tresna bat erabiliko dutela: erakusketa aretoa, modu horretan, eraikineko eremu ezberdinen arteko sinbiosi interesgarri bat lortuz.
Baina bertaratu osteko sentsazioa gazi-gozoa izan da, bisitariak aurrez aurre topatzen duen lehen aretoan argi eta garbi nabaritzen baita erakusketaren helburu nagusia zein den: liburutegien tipologien eta instituzioen inguruko hausnarketa planteatzea baino gehiago, Koldo Mitxelenan Gipuzkoako Foru Aldundiak egin nahi duen eraldaketa prozesuaren goraipamena eta justifikazioa egitea. Beraz, ia propaganda xedea duela ere esan daiteke.
Erakusketako harribitxia dago zentroan. Koldo Mitxelenaren egurrezko maketa bikaina. Aurrez aurre, fatxada, eta bira emanez gero, beste aldean, eraikinaren barruan egin nahi duten eraldaketa fisiko guztia ikus daiteke. Horren inguruko azalpena atzeko hormaren gainean jarritako mihise ikaragarri batean proiektatzen den ikus-entzunezko batean irakur daiteke. Aretoaren beste bi hormetan, besteak beste, bina beira arasa daude, Koldo Mitxelena Kulturuneko artxiboaren zati diren artisten zenbait libururekin. Badirudi horren helburua kulturuneak eta liburutegiak artearekiko izan duten loturaren iraupena eta jarraipena azpimarratzea izan daitekeela. Hala bedi.
Argi gelditzen den bigarren ideia hau da: erakusketa hiritarren gehiengoari erakargarri egiteko nahia, alegia, izaera populista izatea, hain zuzen ere, hori lortu ezean, propagandarako helburua porrot hutsa litzatekeelako. Eta hori, dudarik gabe, mihise gaineko ikus-entzunezkoen proiekzioen ikusgarritasunaren bidez lortu dute. Bakoitzean, Jorge Carrion komisarioaren ustez historikoki eredugarriak izan diren liburutegien inguruko informazioa agertzen da; hasi Alexandriatik eta egungo Seulgo Hyundai Libraryra arteko 11 adibide biltzen dira.
Hala ere, erakusketan, arte proiektuek dute interesik handiena, nahiz eta badirudien liburutegien ereduak ilustratzeko soilik erabiltzen direla. Kalitate handiko lanak dira oro har. Liburutegien eta horietan gordetzen den jakintza zehatzaren inguruko kritika eta gogoeta esanguratsuak planteatzen dituzte guztiek, bai eta ezagutza hori metatzeari eta partekatzeari buruzkoak ere. Horien ondoan, ikus-entzunezkoak sobran hautematen dira, artelanen arteko elkarrizketen jariakortasuna oztopatzen baitute.
Bereziki aipagarriak dira lan hauek: Alicia Framisen Liburu debekatuen gela proiektua, liburutegietan biltzen den jakintzaren kontrapuntu gisara, zentsuratuak izan diren liburuak aurkezten eta ikusleentzat eskuragarri ipintzen baititu; Maider Lopezen Orri-markatzailea lana, zeinean liburuen eta horiek erabiltzen dituzten pertsonen arteko erlazio estuak azaleratzen baitira; eta Julien Previeuxen proiektuak, hau da, teknologia berrien bidez (ebookak edo Ipadak, besteak beste) irakurtzeko eskuekin egin behar diren beharrezko zeinuen patenteen inguruko azterketen ondorio direnak.
Idatzia, halere, ezin amaitu dezaket Ubik Tabakalerako sorkuntza liburutegia aipatu gabe. Izan ere, erakusketa hori Donostiako testuinguruan kokatzen denez eta liburutegi berritzaileez hitz egiten duenez, ulergaitza egiten zait proiektuan harekiko inolako keinurik ere ez agertzea, haren antzeko ereduak dituzten Eskandinaviako zenbait liburutegi aipatzen direnean. Eta are gehiago Koldo Mitxelenaren etorkizuna mahai gainean ipini duten bitartean, jasaten ari den egoera prekarioari lotutako greben ondorioz Ubikek ia bi hilabete itxirik daramatzala kontuan izanda.
Erakusketan jasotako azken sentsazioa da Koldo Mitxelena Kulturunearen etorkizuna gaur egun bogan dagoen eredu eskandinaviarrera bideratu nahi dutela. Ubik hirian izanda, ordea, ez al litzateke egokiagoa hiritarrentzat liburutegi eredu ezberdinak edukitzea beren beharren arabera bata edo beste hautatzeko? Liburutegi eredu berriak azaltzeak ez du esan nahi tradizionalek jada funtzionatzen ez dutenik. Zergatik, beraz, ereduak aldatzen tematu baliabideak martxan dauden eta ezin hobeto funtzionatzen duten liburutegien egoera duintzeko erabili ordez?