'Norberak maite duena'

Irakurtzearen garrantziaz

Idazlea: Miren Billelabeitia. Argitaletxea: Pamiela.

2023ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Irakasle bati entzun nion behin euskaraz zientzia-dibulgazio arloko lan gutxi argitaratzen direla. Egingo nuke ez direla lan gutxi, agian bai gutxiegi, betiere zeinekin konparatzen garen. Argitaletxe gehienek babestu duten generoa izan da, eta urtero ateratzen diren lanek hala izaten jarraitzen duela erakusten digute, gainera. Horren adibide da Pamiela argitaletxeak atondu duen Miren Billelabeitiaren Norberak maite duena. Hitza gogoan, irakurketa biziz saiakera lana. Saforen poema bati keinu egiten dion izenburuak idazleak maite duenera begira jartzen gaitu: irakurketara, eta, zehazki, horren irakaskuntzara. Izan ere, Billelabeitiaren 30 urteko irakasle-esperientzia biltzen da obran, literaturako irakasle bezala ikasitakoak, erakutsitakoak eta hausnartutakoak. Literaturaz hitz egiteko, hain zuzen ere, literatura darabil lanean: hasi izenburutik eta irakurlea Troiako emakumeak, Ithaka, Hamlet, Kavafis, Metamorfosia, Virginia Woolf, Lili eta biok eta beste zenbait klasiko (unibertsal zein ez) ezagutzera eta euren gaineko irakurketa-esperientzietara baitarama.

Adierazi dudan bezala, iruditzen zait hizpide dudan saiakerak asko duela zientzia-dibulgaziotik, duen egiturarengatik, besteak beste. Hitzaurrea albo batean utzita, bi atal nagusitan antolatzen da liburua. Lehenengoan, Solasaldi literarioak izenburupean, autoreak irakurketa dialogikoetan jartzen du fokua eta ikasleekin izaten dituen klaseen antolamenduaz eta metodologiaz dihardu. Bestela esanda, liburua irekitzearekin batera, saiakeraren alderdi teoriko-metodologikoa aurkezten zaigu. Bigarren atalean, ostera, alderdi praktikora begira jarri, eta ikasleekin izandako esperientzia zuzenak eta egiazkoak partekatzen ditu, lehen atalean aurkeztutako metodoaren erakusgarritzat bezala. Esango nuke, egiturak ez ezik, obraren oinarrian dagoen helburu nagusiak ere egiten diola ekarpenik esparru akademikoari, kulturalki hedatuta dauden estereotipo eta usteak desmitifikatzen dituen heinean, eta horretarako datuetan eta informazio enpirikoan oinarritzen den heinean. Gazteek gaur egun ez omen dute horrenbeste irakurtzen. Gazteek ez bide dute literaturaren bitartez hausnartzeko eta egungo errealitatearekin loturak eraikitzeko aldez aurretiko jarrerarik. Bada, Billelabeitiak, bere esperientziarekin, baina baita ikasleen hitzekin ere, horren sendo eraikitako aurreiritzi horiek desegiten ditu. Horra hor liburuaren indarguneetako bat. Dena den, azken alderdi hori, alegia, ikasleen zuzeneko hitzak ekartzearena, maiz, aho biko ezpata izan delako irudipena izan dut: ezin dezaket uka alde batetik benetakotasunari eta, batez ere, gertutasunari egiten dietela mesede testigantzok; baina, bestalde, ez dakit ez ote den gehiegi ustiatu baliabidea, eta horrek ez ote dion liburuak hasieratik dakarren erritmoari zenbaitetan kalte egin.

Edonola ere, saiakera zientifikoa zein pertsonala izan, edo biak aldi berean, dudarik ez dago maitasunez eta mimoz ondu duela autoreak liburua, eta irakurleak ere hala irakurriko duela, baldin eta irakurtzea bada, bere kasuan ere, maite duen hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.