Egilea: Eduardo Apodaka.
Argitaletxea: Pamiela.
Erresuma Batuan urtebete duela lehertu ziren matxinadak, jende gaztea protagonista izan zuten haiek, jartzen dizkigu Eduardo Apodakak abiapuntu gisa bere gogoetetan irakurleok murgil gaitezen. Uneko politikariek balioen sozializazio instituzioei, hezkuntzari eta familiei batik bat, leporatu zien matxinaden errua: instituzio hauek «ez dute diziplina ezartzen eta ondorioz, gazteek ez dute euren burua gobernatzeko baliorik».
Sakonagoa eta zabalagoa da arazoa. Gure gizarte ereduarena da, moderniaostean eredu horrek sortzen duen gizabanakoaren autonomiaren krisi sakonean datza. Izan ere, gaurko eredu kontsumista eta neoliberalean, «autonomia […] besteren beharrik ez izatearekin identifikatu dugu». «Baina autonomia behar horretan sortzen da» gaztigu ematen digu egileak ikuspegi psiko-sozial batetik, Psikologia Sozialak bideraturiko ekarpenetatik. Ikerketaren ildo nagusia: nola sartu den degradazioan norbanako autonomoa, Moderniak bere arrazionalismoarekin eta zorionez irudikatu zuen pertsona autonomo hura, gaur egun arrazionalismo teknologikoak sartu gaituen gizarte kontsumista Moderniaosteko honetan. Degradazioan, edo balio krisi batean.
Halako nostalgia bat antzeman dakioke lanari, norbanakoaren autonomia moderno harekiko nostalgia, baina garrantzizkoena da nondik nora bideratzen duen egileak bere ikuspegi kritiko engaiatua, bere burua ur zikinetan blaituz. Bide zaila, zaila denez, di-da batean irakurtzeko moduko lan arin bat egiteko. Lan trinkoa dugu hau, batere ez idor eta astuna leitzerakoan haatik, ene ustez. Sakona izateaz gain, literarioki aberatsa ere bada, kitzikagarri suertatzen da bere estiloari esker. Metafora ederrez baliatzen da noizean behin, nahiz eta metafora horiek ez duten bereziki funtzionatzen ideiaren bat argitze aldera lan didaktiko bati legokiokeen bezala, baina bai funtzionatzen dutela halako anezkak edo lantzaderak izanen balira bezala, irakurlea bera hegan has dadin bere kabuz ideia edo hausnarketa berri bila. Kitzikagarritasuna ematen dio ahalegin literario horrek lan sendo eta trinko honi, bai behintzat irakurlea, gaian aditu izan gabe ere, bere bizipenetatik-eta prest baldin badago hausnarketa honetan parte hartzeko, nola eta era autonomo batean.
Egilea bera lanaren amai-aldera konturatzen da ezkor samarra atera zaiola saiakera, baina bere gogoa, eta irakurlearena, ireki nahi dio baikortasunari, Moderniaosteko norbanakoaren autonomia-galera edo krisi horretatik, agian, bertze indibidualismo mota aberatsago batera hel ez ote gaitezkeen. Nik neuk, horretaz, esperantza baikor bati heldu nahiko nioke: alegia, ideia zaharra da, eta ene ustez historikoki egiaztagarria ere, planteamendu berri eta emankor guztiek, euren jaiotzan bertan, degradazio haziak dituztela euren baitan. Funtsean horrengatik hain zuzen ere dira positiboak kritika saio serio guztiak: kritikek berez alde negatiboak behar dituzte, eta neurri horretan ezkorrak izan arren, euren baitan daramatzate hazi eta osagai berriztatzaileak, itxaropentsuak, mundu atseginago eta balioetan aberatsago bat sortze aldera.
Mendebaldeko bertze hizkuntzatan, ingeleraz, alemanez, frantsesez, italieraz (ez hainbertze, nik uste, gazteleraz)…, dezente jorraturiko gaia da lan honena, hala zirkulu akademikoetan nola irakurlego zabalago bati begira. Eskertzekoa da saiakera hau zirkulu akademikoetatik harago euskaraz eskaini izana: euskaldunok Moderniaren trena berandu samar hartu baldin bagenuen, ea ez zaigun berdin gertatzen Moderniaosteko ekarpen kritikoekin.
Literatura, 'NORBERAREN AUTONOMIA KRISIAK'
Irakurle baten autonomiatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu