KRITIKA. Beldurrezko Astea

Irakaspena

El ataúd de cristal filmaren irudi bat. BERRIA.
Beñat Eizagirre Indo.
2016ko azaroaren 3a
00:00
Entzun

'El ataúd de cristal'

Zuzendaria: Haritz Zubillaga. Herrialdea: Euskal Herria.Iraupena: 75 minutu.

Sitgesen estreinatu ostean Haritz Zubillaga bilbotarraren El ataúd de cristal,opera prima, ikusi ahal izan da Donostian. Lan bikaina ondu duela ukaezina da. Istorioa sinplea da, baita jorratzen duen gaia ere, mendekuarena, hain zuzen, baina proposamena biziki interesgarria dela aitortu behar da. Entretenitzeaz gain, hausnarketarako bide ematen baitu, eta hori lortzea ez dago edonoren esku. Planteamenduak ikuslea hasieratik harrapatzen du, jakin-minari eustea lortzen du ia akzio dena limusina baten barruan gertatzen bada ere. Eszena jakin batzuk gogorrak diren arren, istorioa da garrantzitsuena; hau da, biktimaren eta mendekatzailearen arteko elkarrizketak dira egitasmoaren ardatza, eta, bide batez, generoaren zaleek maite dituzten gehiegikerien ordez, bizitzaren inguruko irakaspen mamitsu bat helarazi nahi digu egileak; egiaren eta zintzotasunaren aldeko aldarria egiten du. Bestalde, biktima desabantaila egoeran egon arren, generoen arteko botere harremanen konplexutasuna agerian geratzen da; izan ere, tradizionalki gizonei begira egindako filmetan emakumea biktima soila balitz bezala erakutsi izan da. Carles Torrensen Pet apartan gertatzen zen bezalaxe, emakumezkoa ez zaigu biktima babesgabe gisa agertzen. Harrapatuta egon arren, egoera lazgarriari ausardiaz eta bizkortasunez aurre egingo dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.