Zientzia fikzioaren jarraitzaileok zorioneko gaude: Denonartean argitaletxe nafarrak Kazetari amerikar baten egunaldia 2889an narrazioa argitaratu du, Alberto Barandiaranek euskaratua eta Iker Serranoren orrialde osoko ilustrazio koloretsuekin. Kontakizuna Jules Verneri egokitu ohi zaion arren, badira haren egiletza zalantzan jartzeko arrazoiak. Dirudienez, istorioaren bertsio originala ingelesez argitaratu zen, New Yorkeko The Forum egunkarian, 1889an. Azken urteotan ikerlariek jatorrizko testu hura egiatan Michel Vernek idatzi zuela pentsatzeko dokumentazioa aurkitu dute, Jules aitaren aholkua eta oniritzia jaso zituelako frogak ere badiren arren. 1891n Petit Journal egunkariaren gehigarrian agertu zen, frantsesez eta aldaketa nabarmen ugarirekin. Hori da Jules Verneri egokitutako bertsioa —gerora idazlearen hainbat antologiatan zabaldu zena—eta euskarazko itzulpenerako erabilitakoa.
Lan honetan, Jules Vernek bere intuizio harrigarria erakusten digu, beste behin; baina, oraingoan, egungo bizimodua irudikatu beharrean, iraganetik guri ere urrun xamar geratzen zaigun XXIX. mendeko etorkizunaz mintzo zaigu. Egunkari amerikar garrantzitsuenaren zuzendariaren lanegun oso bat kontatzen du: 2889ko uztailaren 25a, hain zuzen, esnatzen denetik oheratu aurreko unera arte. Kasu partikular horretatik abiatzen da garai urrun hartarako iragarritako aurrerapen zientifiko eta teknologikoen errepasoa egiteko: aeroautoak eta ozeanoa orduko 1.500 km-ko abiaduran zeharkatzeko aukera eskaintzen duten hodi pneumatikoak, hizketakidearen ahotsa eta irudia aldi berean igortzen duten telefonoa eta telefotoa, ezin konta ahala aplikazio dituzten energia ezberdinen metatzaile eta hura nahieran eraldatzeko transformadore berriak... edota, inprimatu beharrean, kabina fonografikoen bitartez mintzatu egiten diren egunkariak. Verneren irudimenak mugarik ez balu bezala, asmakuntza horietako askoren aipamen soilarekin konformatu ez, eta, are urrunago joz, haien aplikazioen inguruko nondik norakoak azaltzen ditu. Aurrerapenen erabilera praktikoaren berri emateko interes berezia antzematen zaio.
Argumentu benetan sinplea badirudi ere, ez da horregatik xaloa; izan ere, testua busti duen ironia aintzat harturik, istorioaren interpretazio gaiztoa egin daiteke. Esate baterako, oso modu agerikoan aurkezten da komunikabideen botere erabatekoa. Earth Herald-en eragina hain handia da, munduko agintari guztiek jotzen baitute protagonistarengana aholku eta, batez ere, mesede eske. Gizarte-klaseen arteko alde itzela iradokitzen da, kapitalaren araberako ordenak ezarria. Aurrerapen eta ongizatearekin batera, horien ondorio saihetsezina balitz bezala, gizakien arteko harremanak hotzak, emoziorik edo sentimendurik gabekoak diren mundu bat irudikatzen da. Tamalez, Jules Verneren lanak irakurtzean ohikoa den bezala, halako gizarte bat ez zaigu hain arrotza egiten. Horixe da autoreak narrazio labur honekin edozein adinetako zientzia fikzioaren maitaleoi proposatzen diguna: kritika sozialaz salbu ez dagoen 2889ko etorkizunera bidaia zoragarria, fantasiaz beterikoa... ala ez hainbeste, nork daki?
'Kazetari amerikar baten egunaldia 2889an'
Iraganetik etorkizunaz
Egilea: Jules Verne. Itzultzailea: Alberto Barandiaran. Argitaletxea : Denonartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu