KRITIKA. Artea

Iraganera garamatzan oskola

Oskola Parau erakusketa Punta Begoñako galerietan. DAVID HORNBACK.
2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun

'Oskola Parau'

Non: Punta Begoñako galeriak (Getxo, Bizkaia). Noiz arte: Azaroaren 3ra arte.

Oskolaren metafora erabili du Okela Sormen Lantegiko lantaldeak Getxoarteren baitan egindako azken erakusketa taxutzeko eta, era berean, baita hari izena emateko ere: Oskola Parau.

Izen eta taxutze horrek, ordea, kasu honetan ez die zuzenean erreferentziarik eta keinurik egiten erakusketan bertan topa daitezkeen edukiei. Edukiontziari egiten die, alegia, normalean horrelako proiektuetan emandakoa izaten den eta maiz ikusezintzat jotzen dugun eta espazioa taxutzen duen egitura arkitektonikoari.

Komisariotza lanetan besteren bat aritu izan balitz, agian datu hau harrigarria edo gutxienez kuriosoa izan zatekeen, ohikotasunetik urruntzeko modua, baina ez Okela Sormen Lantegiaren kasuan. Izan ere, beraien lan egiteko espaziotik bertatik antzeman daiteke testuinguru fisikoak bertan gertatuko dena izendatzeko taldearentzat duen garrantzia: Sormen Lantegia, harategi bat izana izaki. Lehen lan espazio hau abiapuntutzat hartuta, identitate handia duten beste espazioetan aritu izan dira beti lanean, espazio arkitektonikoari eta bertan aurretik jazotakoari hertsi-hertsiki loturiko proiektu interesgarriak gauzatuz. Azkena, Getxoko (Bizkaia) Punta Begoñako galerietan egin duten hau.

Espazio hori da oskol lana betetzen duena. Orain erakusketa bera babestu eta jasotzen du bere hormen artean, baina antzina ere nolabait funtzio bera egiteko eraiki zen. Lur haiek erosi zituen izen handiko enpresari batek—Horacio Etxebarrieta—, erosioaren bidez jausten ari zen arroka hura eusteko eta babesteko, beste izen handiko arkitekto bati —Ricardo Bastida, agian hau ere inori ezaguna egin dakioke— luxuzko galeria arranditsuak egiteko eskaria egin zion, nola ez, bere familiaren gozamenerako; ikusi eta ikusiak izateko. Egun XX. mende hasierako Euskal Herriko eraikuntza esanguratsuenetarikoa den honetan, ordea, gozamenak gutxi iraun zuen. Gerratea etorri eta italiar faxisten kuartel nagusi bilakatu zen; hurrengo hamarkadan, gizarte laguntzetarako erabili zen; jarraian, familiak berreskuratu zuen, baina aurreko urteetako luxuak pasatuta zeuden, eta memorian galduta egon da gaur egun arte.

Erakusketaren izenburuak eraikinaren sorrerari, funtzioari eta eginkizunei keinu egiten die, eta bere barnean, geruzaz geruza, proiektuz proiektu, arkitekturaren baitan jazotako gertakari horietara egiten da itzulia. Azken finean, eraikinari loturiko historiaren berrirakurketa da Okelako neskek arte proiektuen bidez aurkezten digutena.

Zazpi artisten proiektuak daude bertan, galerien areto nagusian, antzinatean egindako festen dekadentzia, piloten marka, horma pintura eta Francoren izenari gorazarre egiten dioten aldarrikapenez beteriko eldarniozko eszena kaotikoan. Baina ezinezko eszena horrek artelanekin bat egitea lortzen dute, artelanak azpimarratzen ditu arkitektura dekadenteak, eta era berean, egungo posiziotik iraganeko une ezberdinetara hausnarketa interesgarria bideratzea erdietsi dute. Erakusketa eratzen duen pieza bakoitza, bai bata bestearekiko eta baita espazioarekiko ere, historiaren korapiloen bidez ezin hobeto lotu dute.

Marc Vivesen lanak, eta bereziki inaugurazio egunean eginiko performanceak festaren ideiara garamatza; Jone Loizagak eta Taxio Ardanazek batera aurkeztutako proiektuak, berriz, okupazio faxistaren garaira, Francoren garaiko monumentuen ikerketaren bidez; Julen Agirre Egibarrek arkitektura eta espazio hutsen iruditeriara... Eta horrela jarrai nezake banaka-banaka artista guztiak izendatzen: Elisabeth Dominguezen lanak gudara itzularazten gaitu, baina baita babesaren kontzeptura ere hitz eta irudiekin planteatutako jolasaren bidez; pasatutako hondamendiaren ideia eta aberats eta pobreen arteko harreman perbertsoa dakarkigu Dani Llariak; Eztizen La Cruzek Belvederetik itsasorantz baina baita galeriatik barneko espaziorantz doan begirada nostalgikoa, baina hankak, oinarriak, egunerokotasunean ditugula betiere, Maria Muriedasen eskutik.

Ohikoa da erakusketa batean artelan batzuk besteen gainetik azpimarratzea, izan edukiagatik, izan instalazioagatik, kalitate edo oreka faltagatik. Kasu honetan, ordea, ez litzateke justua izango batzuk aipatu eta besteak aipatu gabe uztea, aurretik aurkeztutako guztia dela eta.

Punta Begoñako galeriak ezagutuz gero, baina bereziki oraindik ez ezagutuz gero, Okelak proposatzen duen proiektu hau primerako aitzakia izan daiteke bertaratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.