Kritika. Fantasiazko eta Beldurrezko Astea

Iraganeko mamuak

Beñat Eizagirre Indo.
2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
'Insensibles'

Zuzendaria: Juan Carlos Medina. Aktoreak: Alex Brendemuehl, Juan Diego, Tomas Lemarquis, Derek de Lint, Irene Montala, Felix Gomez, Bea Segura. Herrialdea: Herrialde Katalanak. Iraupena: 105 minutu.

Norbere historia ezagutzea ezinbestekoa da aske izateko. Egia jakin ezean, ezin daiteke bakea lortu. Iragana ez da inoiz atzean uzten, zauriek itxi gabe jarraitzen duten bitartean. Horregatik, Juan Carlos Medina eta Luiso Berdejo gidoigileek faxismoaren garaiko kontu beldurgarriak dakarzkigute.

Kataluniako herri txiki batean kokatu dute gaixotasun arraro bat duten haurren istorioa, eta haur horien kasua garai hartan bizi zen egoeraren metafora gisa aurkeztu nahi izan dute. Umeek ez dakite min fisikoa zer den, eta sufrimendua ere ez dute ezagutzen; zientzia fikzioko generoan askotan landu izan den gaia da honako hau, baina kasu horietan protagonistak robotak izan ohi ziren. Sufrimendua eta mina sentitzeko gauza ez direnez, oso arriskutsuak bihur daitezke ingurukoentzat, eta, horrenbestez, agintariek espetxeratu egingo dituzte. Hubert Holzmann doktoreak ahalegin guztiak egingo ditu pertsona horiek bizimodu arrunta egin dezaten, eta, horretarako, hainbat esperimenturekin probak egingo ditu. Hala ere, bi haur protagonisten arteko harremanari esker, enpatia sentitzeko gai direla badakigu, baina beranduegi izango da, espetxeak munstro bilakatuko baititu.

Ume horiei gertatukoa ezkutuan egon da orain arte, baina, zoritxarreko istripu bati esker, egia aurkitzen amaituko du Davidek. Hasierako zatiak hotz uzten duen arren, minutuak aurrera joan ahala are eta interesgarriago bilakatzen da. Edonola ere, ez du ikuslea guztiz harrapatzea lortzen, baina istorioa interesgarria gertatzen da. Azken finean, 36ko gerrara hurbiltzeko beste modu bat da, eta, agian, baten batek eskertuko du egileen ausardia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.