Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi Perlak

Iraganean iltzatuta

Beñat Eizagirre Indo.
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
'Apres mai'

Zuzendaria: Olivier Assayas. Aktoreak: Eric Gautier, Clement Metayer. Herrialdea: Frantzia.

Iraupena: 120 minutu.

Olivier Assayasen azken lanak gidoi onenaren saria erdietsi zuen Veneziako Zinemaldian. Hala ere, iritzi guztiz kontrajarriak sorrarazi ditu Antzoki Zaharrera gerturatu diren ikusleen artean. Adostasunik ez dagoenean, bakoitzak bere hautua egin beharra dauka. Horretarako, barrura begiratu beste aukerarik ez dago. Batzuen ustez, iraultzaren aldeko gogoeta burutsu eta kritikoa da; beste batzuentzat, berriz, ezin imajina daiteke ezer gogaikarriagorik. Urteetan aurrera doan ameslari txepel baten txorakeriak besterik ez direla gaineratu dezake norbaitek. Eta bi aldeek arrazoi izango dute seguru asko.

Ideia iraultzaileak zalantzan ipini baino gehiago, garai mitiko hartako aniztasuna eta zatiketa agerian utzi nahi izan dituela esan daiteke. Mundu berri bat eraikitzea etxe bat eraikitzea bezain zaila baita. Azken finean, etxe zaharrenak ere nolabaiteko babesa eskaini diezaioke norbanakoari.

70eko hamarkadaren hasieran kokatu du Gilles anarkistaren istorioa, 68ko Maiatzaren osteko ikasleen mugimenduaren inguruan hausnarketa plazaratzeko asmoz. Autoreak aitortu duenez, bere gaztaroan oinarritu da Gillesen pertsonaia eraikitzeko unean. Horrek argi uzten du Assayasen irrika iraganean iltzatuta dagoela. Baina nouvelle vague mugimenduak edo 68ko Maiatzak eduki zezaketen xarma ez du harrapatzerik lortzen, eta filmaren existentziaren arrazoia autorearen nostalgiak eta desirak eragin duenez, ez da askoren gustukoa izango.

Borroka, artea eta maitasuna uztartu baditu ere, ezin daiteke Bernardo Bertolucciren The Dreamers liluragarriarekin alderatu. Ez da garai hartako arima harrapatzeko gauza, eta egungo egoera birpentsatzeko ere ez dauka batere ausardiarik. Konbentzionalegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.